Iosu Alberdi.

Sokatira Espainiako Kongresuan

2023ko azaroaren 24a
14:30
Entzun

Denak beharko ditu denbora guztian. Modu batera edo bestera, esamolde hori behin eta berriro errepikatu da Pedro Sanchezen inbestidura babestu duten alderdien artean. Espainiako Gobernuak lanak izango ditu, baina, horien denen interesekin bat egiteko lege proposamenak eta proiektuak aurrera ateratzerakoan. Izan ere, esan daiteke inbestidura blokearen barruan PSOEk eta Sumarrek bloke bana dutela alde bakoitzean, ezker-eskuin, eta horiek sokaren alde banatatik tira egingo dutela eztabaida askotan.

Horren adierazle argia da EAJk eta JxCk gaur izaniko bilera. Kataluniako independentzia prozesuan eta erreferendumaren ostean bi espazio politiko horien arteko harremanak nabarmen hoztu ziren arren, azken hilabeteetan kontrako norabidea hartu dute; batez ere, katalanek negoziazio mahaian esertzeko erabakia hartu zutenetik. Horren arrazoia argia da orain, Jordi Turullek berak azaldu duenez: fronte komun bat osatzea Espainiako Kongresuan.

Erabakiak, baina, behar bati erantzuten dio. Gero eta gehiago izan tira egiteko, hobe. Nazio auzian bai, baina baita arlo sozialetan zein ekonomikoetan ere. Izan ere, jeltzaleek bost eserleku dituzte, eta JxCk zazpi. Denera, hamabi, eta azkenean Sanchez babestu zuen Koalizio Kanariarra batuz gero, hamahiru.

Beste aldean, baina, jada urteak daramatzate elkarrekin indar egiten EH Bilduk eta ERCk ─esaterako, Senatuan talde bera osatzen dute─, eta bi talde horien artean hamahiru eserleku dituzte Kongresuan; hamalau BNG gehituta. Gainera, ikusteko dago zer gertatuko den Podemoseko diputatuekin. Sumarren talde parlamentarioa uzteko aukera oraingoz baztertu egin duten arren, autonomia mantentzearen alde hitz egin dute alderdi hartako buruzagiek, eta argi dago horiek errazago egingo dutela bat EH Bildu-ERC bikotearekin EAJ-JxCrekin baino. Beraz, ezkerretik hemeretzi dira tiraka. 

Zenbakiak zenbaki, ordea, ikusi beharko da ea nork izango duen indar handiagoa Sumar eta, batez ere, PSOE mugiarazteko, edo beste aldera mugitzea galarazteko. Hori, ahaztu gabe norbaitek soka askatzen badu ez dagoela jokatzen jarraitzerik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.