Maitane Nerekan Umaran.
PENTSALDIAN

Sex-sua ikastetxe barruan

2022ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Baditugu mahaiak, aulkiak, arbel digital eta arbel klasikoak, boligrafoak, klarionak, ordenagailuak, futbol eta saskibaloi zelaiak, komunak, pasabideak eta hormak, testu liburuak eta fotokopia makinak, txirrin karrankariak eta txirrin musikalak (azken hauen alde beti!). Baditugu, jantokiak eta hileroko menuak, birziklatzeko paperontziak, batzuetan baratz txikiak ere. Baditugu zabuak edo porlanezko patioak, azterketarako txuletak, arkatzak borragomak... Baina, guztiaren gainetik, ikastetxeetan subjektu sexuatuak ditugu; izan irakasle, garbiketako langile, atezain edo ikasle, nahi ala nahi ez, mundura gizon zein emakume lez aurkeztuak garen gizakiok betetzen baititugu ikastetxeak, horrek suposatzen digun baldintzapen kultural eta potentzial guztiarekin.

Hala ere, sexualitateak ez du leku duinik merezi gurean. Batzuen ustez, ez delako tokia; beste batzuentzat, tokia badela pentsatuta ere, urtean behin egindako bi orduko tailerrarekin nahikoa delako (oraindik ere, maiz, gaixotasun eta arriskuetatik abiatzen dena). Zein espazio izan behar du sexualitateak hezkuntza formalean? Nork hartu behar du horren ardura? Nondik begiratu behar diogu sexualitateari haur eta nerabeekin lan egiten dugunok?

Lehenengo galdera horri erantzutea ere absurdoa gerta daiteke; sexualitateak ez du behar espaziorik, baduelako espazio guztia. Pasabideetan, geletan, jolastokietan... Badago sexualitatea nonahi, gorputz sexuatuek espazio horiek habitatzen ditugun heinean. Hori ikusi nahi ez izatea koldarra bezain arriskutsua da. Larruazalak, garunak eta genitalak dauden bitartean, sexualitatea badago ikastetxeetan (Maite Higuero euskal sexologoaren hausnarketa sentikorretik tiraka). Ez gara txortan egiteaz ari (edo bai); komunikazioaz, zaintzaz, plazerez, hizkuntzez, desioez, samurtasunaz, autoezagutzaz, kulturaz, jolasez, mugez eta elkarbizitzaz ari gara, besteak beste. Hitz horietako asko gure dokumentu ofizialetan daude, curriculumetan, ikasleen irteera-profiletan, ikastetxe proiektuetan eta hezkuntza sailburuen diskurtso arranditsuetan; nahiz eta ez dugun ikusten (edo ez duten ikusi nahi) zein harreman duten sexualitatearekin.

Sexualitate kontzeptu oso pobre eta usteldua darabilgu ahotan gehienetan. Horrek gure bizitzak eta harremanak pobretzen ditu; baita gure hezkuntza proiektuak ere. Ikasle eta beraz, herritar, autonomo, osasuntsu eta konpetenteak nahi baditugu, gizakion (ume, gazte, heldu zein zahar) dimentsio sexualari dagokion tokia aitortu behar diogu hezkuntza proiektuetan, eta horri arduraz begiratu. Hori egin ezean, itsu-mutu-gorrarena egiten jarraitzen badugu, sexualitate ustel, patriarkal, falozentrista, biolento eta kaskarra erreproduzitzen jarraituko dugu, ikasleen maila konpetentziala eta humanoa kaltetuz. Horra hor eskola porrota.

Euskal Herrian baditugu aholkatu ahal gaituzten sexologo, hezitzaile eta pedagogo espezialista bikainak. Baina ardura denona da, beraiek tailer edo formakuntza ederrak eman baina denok kontrako norabidean arraun egiten badugu, ez duelako fruiturik emango.

Platon! Kopiatu ezazu mila aldiz: gorputza ez da arimaren kartzela, gorputza ez da arimaren kartzela, gorputza ez da arimaren kartzela…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.