Aste honetan jaso ditugu Espainiako Estatu mailan egindako bigarren txandako seroprebalentziaren datuak, hau da, aztertutako pertsonetan zenbatek sortu dituzten antigorputzak SARS-CoV-2 birusaren kontra. Lehen txandako emaitzak duela hiru aste kaleratu ziren, eta orduan jaso ziren emaitzek esperantza eskasa azaleratzen zuten pandemiaren kontrolerako.
Azterketa hau egiteko, antigorputzen test azkarra erabili da, eta antigorputz mota bi atzeman daitezke: IgM, infekzio akutu eta aktibo baten adierazlea, eta IgG, jadanik infekzioa pasatu izanaren adierazlea. Interes gehien duen antigorputz mota bigarrena da, horrek adieraziko lukeelako birusarekin kontaktua izan duela pertsonak, eta, maila egokia izanik, jadanik babestua edo immunizatua dagoela. Test honek duen desabantaila garrantzitsu bat da haren sentikortasuna %80koa dela IgG motarentzat, hau da, posible da ehun pertsonatik hogei negatibo faltsuak izatea.
Ikerketa honek hainbat datu kaleratu ditu. Lehenik eta behin, Hego Euskal Herrian aztertutako pertsonak ez dira ailegatu 5.000ra, eta parte-hartzean bakarrik ehuneko lauko gehikuntza ikusi da bigarren txanda honetan. Kaleratutako antigorputzen prebalentziaren batez bestekoa %5ekoa da; Nafarroan, Euskal Autonomia Erkidegoan baino altuagoa (%6,4 eta %3,7, hurrenez hurren). Datu horiek Hego Euskal Herriko biztanleria guztira estrapolatuz, esan daiteke 150.000ra ez direla ailegatzen antigorputzak izan zitzaketen euskaldunak. Gainera, lehen eta bigarren txandak konparatuz, serokonbertsioa pairatu dutenen igoera —hau da, lehen txandan antigorputzik ez zutenak eta bigarrenean bai— eskasa izan da: Euskal Erkidegoan %0,6 eta Nafarroan %1. Hortik ondorioztatzen da azken asteetan infekzioa nabarmenki moteldu dela.
Bigarrenik, birus honek agertzen duen hilkortasun-tasa, populazio guztia kontuan hartuz, %1,3 ingurukoa omen da. Datu hau ikusita, pentsa daiteke ez dela hain hilkorra, baina arnasbideko beste birusekin konparatuz, gripearena adibidez, datu hau ia hamar aldiz altuagoa da.
Hirugarrenik, Hego Euskal Herrian atzeman diren kasu positiboak benetako kutsatuak baino askoz gutxiago izan dira; hori dela eta, sintomarik gabekoen presentzia handia da. Egindako ikerketa honetan ondorioztatzen da hamar kasutik hiru sintomarik gabekoak izan direla. Beste lurralde batzuetan kopuru hori handiagoa da, eta Islandian, esate baterako, lau dira. Horrek eman dezakeen arazoa da kutsatu horiek birusa transmititu ahal dutela jakin gabe. Horregatik, maskararen erabilera funtsezkoa da. Sintomak dituztenen artean, anosmia edo usaimenaren galera da sintoma nagusietariko bat: sintomak dituztenen %40k dute sintoma hori.
Oraingoz hirugarren txanda bat geratzen da, hurrengo asteetan egingo dena, baina ez dirudi COVID-19 gaixotasunaren seroprebalentzian aldaketa handirik egongo denik. Beraz, gaixotzeko arriskua duen populazioa gehiengoa izanik (hamar pertsonatik bederatzi eta erdi) ezinbestekoa da ahalik eta arinen kutsatuak daudenak atzematea eta haren ukipen hurbilen zainketa epidemiologiko azkarra egitea.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN
Seroprebalentzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu