Koldo Nuñez Betelu.
ARGI ALDIAN

Seigarren suntsipena

2017ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Gure planeta eraldaketa handia eta azkarra ari da izaten azken hamarkadetan, eta, neurri batean, gizakion jardueraren eragina da. Hori ez da berria, bizitzak etengabe eraldatu baitu Lurra; esaterako, atmosferako oxigenoa bizidun batzuen ondorioa da. Aldaketa handia duela 541 milioi urte inguru gertatu zen, bizitzak jauzi kualitatibo nabarmena eman zuenean espezie askoren egituraketan. Orduko «leherketa» ebolutiboan, egun ezagutzen ditugun lerro biologiko askoren arbasoak sortu ziren itsasoetan. Baina handik aurrerako eboluzioa ez zen lineala izan, eta gaur egun arteko eboluzio horrek bost krisi handi izan ditu. Krisi bakoitzean, espezieen kopuru handia murriztu da arrazoi desberdinak direla medio. Suntsipen horietako bakoitzean, bizitzak berriro egin du aurrera, eta espezie berriei bide eman die. Azken suntsipen handia, bosgarrena, Kretazeoaren amaieran gertatu zen, duela 65 milioi urte. Orduan suntsitu ziren, beste askoren artean, narrasti asko zein dinosauroak, eta bidea zabalik geratu zen ugaztunon garapenerako. Horren urrun joan gabe, Kuaternarioan bertan, gizakiok hainbat suntsipen txiki ezagutu ditugu, glaziazio edo izotzaldiak abiatu eta bukatu diren bakoitzean. Euskal Herrian bertan, mamuta eta errinozero iletsua, beste askoren artean, bizi izan ziren klima epeldu zenean erabat suntsitu aurretik. Orduan, ornodun asko desagertu edo iparraldera bizitzera mugitu ziren oso denbora motzean, apenas mende batzuk.

Gaur egun ere, ornodun espezie asko ari dira iraungitzen. Duela egun gutxi, ikerketa berri baten emaitzak kaleratu dira. Lan horren arabera, azken 100 urteotan, gutxienez 200 ornodun espezie suntsitu dira. Bestalde, aztertutako 27.600 espezieen heren bat ari da populazioak eta habitatak galtzen. Areago, ikertutako 177 ugaztun espezieen %40 ari dira antzeko egoera txarra jasaten. Gugandik gertuago, Doñanan bizi diren mehatxupeko hegaztien populazioen erdia behera ari dira egiten. Baina, jakina, galerak mundu osoan ari dira gertatzen, eta, batez ere, tropikoetan. Adibidez, lehoia azken 20 urteotan %40 gutxitu da, eta Indiako zein Afrikako eskualde batzuetan erabat desagertzear dago. Berdin gertatzen ari da tigre, gepardo, primate, elefante eta beste askorekin. Azken batean, ehizak, klimaren berotzeak eta habitaten galerak populazioen etengabeko higatzea dakar. Laster, zoo eta babeslekuetan baino ez ditugu ezagutuko hainbat espezie. Ikertzaileon ustez, dagoeneko seigarren suntsipen handiaren barruan gaude, eta bi edo hiru hamarkada besterik ez zaizkigu geratzen horri buelta emateko.

Suntsipen handietan klimaren aldaketa faktore garrantzitsua izan ohi da, eta oraingoan ere horrela gertatzen ari da. Orain dela egun gutxi, beste ikerketa baten ekarpenak ezagutu ditugu. Horretan, datu berriak kontuan hartuta, saiatu dira aurreikusten atmosferan CO2 gasaren kontzentrazioa bikoizten bada zenbat berotuko den planeta. Esaterako, orain arteko ikerketetan ez dira uztartu klimaren datu historikoak, paleoklimatikoak eta denbora luzeko joerak, eta, horregatik, ikerketen aurreikuspenetan alde handia egon zitekeen. Argitaratu berri den ikerketa horrek egin du uztarketa eta, ondorioz, CO2 gasaren kontzentrazioa bikoizten bada, mundu osoko tenperatura 1,5 eta 4,5º C berotuko da, baina irits daiteke 6º C berotzera. Berotzea, gainera, azkarragoa izango da Ipar Hemisferioko lehorraldeetan. Gauza da industriaurreko garaitik hona CO2aren maila pasatu dela 250etik 410era dagoeneko; alegia, oso urte gutxitan irits daiteke hasierakoaren bikoitza izatera. Etorkizun iluna, beraz, gure planetako hainbat espezierentzat; gizakiarentzat ere bai, jakina, bioaniztasunaren zein habitat naturalen galera eta klimaren berotzearen ondorioak oso kaltegarriak izan baitaitezke. Ikertzaileak ari dira alarma jotzen, baina guk segitzen dugu entzungor txikizioarekin aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.