Pandemia honek hasieratik izan duen gauza on bat da zientzialarien informazioa partekatu egin dela munduko edozeinek ikusi ahal izateko. Horrela, jadanik ezaguna den hegazti gripeko datuak partekatzeko ekinbide orokor batean, GISAID deituriko datu basean jarrita daude SARS-CoV-2 birusaren milaka genoma denon eskura.
Cambridge unibertsitateko Peter Forster genetistak eta bere taldeak birusaren 160 genoma oso aztertu ditu Wuhanen sortu zen birusaren eboluzioa Europan eta Amerikan nolakoa izan den ikusi ahal izateko. Ikerketa horretan erabilitako algoritmoa, esate baterako, Zeelanda Berrian erabili zen 1979an, historiaurreko giza populazioen mugimenduak DNAren bidez mapeatzeko.
Koronabirusari dagokionez, hiru mota daudela ikusi dute: A, B eta C. A mota saguzarretan ikusitakoaren oso antzekoa da, eta Wuhaneko agerraldiaren jatorria omen da. B mota A-tik bereizten da mutazio bi izan dituelako, eta C mota B-ren oso antzekoa da, mutazio batean izan ezik.
Horrez gainera, ikerketan ikusi dute B motan izandako mutazio horiek nahiko astiro gertatu omen zirela, eta hori izan dela hain justu Asian gehien hedatu den mota. Mota hori txinatarrek beste lurralde batzuetara joanda hedatu omen zuten. C mota B adarretik datorrena da, ez da Txinan detektatu baina Asiako beste lurralde batzuetan bai, esate baterako Singapurren, Hego Korean eta Hong Kongen, eta badirudi bertatik ailegatu zela Europara eta Australiara.
Zenbait zientzialariren susmoetako bat da koronabirus berriaren gizakien arteko lehen infekzioa eta hedapena irailaren erdialdetik abenduaren hasierara bitartean gertatu zela eta pixkanaka jazo zela.
SARS-CoV-2aren bidaia hilgarriaren berreraikitze filogenetikoak berretsi egin du nola hedatzen joan den mundu osoan zehar. Hala ere, Forsterren ustez, «mutazio azkar gehiegi daude COVID-19 zuhaitz genealogikoa kontu handiz arakatzeko»; ez dute zehazten mutazio horiek koronabirusari birulentzia handiagoa edo txikiagoa ematen dioten.
Mundu osoan gero eta ikerketa gehiago egiten ari dira birusaren hedapen hori hobeto ulertzeko, eta, esate baterako, Madrilen Karlos III.a Osasun Institutuak egindako batean azpimarratzen da Espainiar Estatuan dauden koronabirus berriak otsailaren erditik bertan zeudela, eta munduko hainbat lurraldetatik etorriak direla, baina, zorionez, denak nahiko antzekoak dira eta mutazio gutxi izan dituztela.
Oso garrantzitsua da birusaren dibertsitate eskasia hori. Gripea edo GIBa baino mila aldiz motelagoa omen du mutazio erritmoa. Horrela jarraituz gero, berri ona izango litzateke, jakinda gaur ikertzen ari diren txerto esperimentalek birusaren uneko sekuentzia genetikoa aztertzen dutela. Mutazio tasa handiak lehen txertoen eraginkortasuna hondatu lezake.
Azken finean, metodo filogenetiko horiek gaixotasuna transmititzeko eta handitzeko puntu beroak aldez aurretik detektatzen eta kontrol neurriak ezartzen lagun dezakete.
Koronabirusa. ZIENTZIAREN TALAIATIK
SARS-CoV-2 guztiak ez dira berdinak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu