Silvia Gambarte.
Koronabirusa. EKONOMIA PENTSALDIAN

Salbuespena edo araua

2021eko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Onera egin al dezake langile gero eta prekarioagoak dituen herrialde batek? Erantzuna erraza da: EZ. Horregatik, bada garaia haien baldintzak hobetzea ez dadin zamatzat hartu, baizik eta denontzako onuratzat. Pertsona horiek herrialde honen motorra baitira. Haiek hondoratzen badira, denok hondoratuko gara.

Gogor jotzen gaituen prekaritate horren ondorioz, soldatak ez dira behar beste igotzen, eta kontratuek behin-behinekotasuna dute arau.

Mende honen hasieran, pezetatik eurora igarotzearekin batera, mileurista terminoa sortu zen. Urte haietan gure lan ibilbidea abiatu genuenok «mileurista» bihurtu ginen, halabeharrez. Baina ez genekien okerrena iristeko zegoela. «Mileurista» izateak gure ahalmen ekonomiko eskasa islatzen zuen, eta atzerapauso bat zen, gogor borrokatu behar zena. Gaur egun, urte askoren ondoren, ikaratuta ikusten dugu nola sinetsarazi nahi diguten luxua dela «mileurista» izatea. Izan ere, orain langileak ez dira «mileuristak» ere. Esaten digute lanbide arteko gutxieneko soldata ezin dela igo, enpresek porrot egingo luketelako. Zer enpresa klase ari dira sortzen ezin badiete 1.000 eurotik gorako soldatei eutsi?

Gure ahalmen ekonomikoa txikituz edo izoztuz doa, eta behin-behinekotasuna, berriz, handituz. Euskadin, langileen %21 aldi baterako kontratu bat sufritzen ari dira. Eta behin-behinekotasuna, normalean, ez da izaten hori bakarrik: aldi baterako kontratuak lanaldi partzialekoak ere izan ohi dira. Langileen Estatutuaren 15. artikuluak ezartzen du lan kontratuak mugagabeak edo mugatuak izan daitezkeela. Horren arabera, mugagabea da arau orokorra, eta mugatua egoera oso jakin batzuetan erabil daiteke, nahiz eta aldi baterako kontratuen iruzurrezko erabilerak kontrakoa sinetsarazi digun.

Gure lan legediak ez du ezartzen langile bati egiten zaion lehen kontratuak behin-behinekoa izan behar duenik enpresariak ikus dezan nola moldatzen den langilea lanean. Ez du ezartzen, gainera, langile batek lan ibilbide osoan aldi baterako ehunka kontratu oso labur kateatu behar dituenik. Hain zuzen, kontratu horietako gehienak, langilearen segurtasunik eza areagotu besterik egiten ez dutenak, iruzurrezkoak dira. Behin-behinekotasuna ez zen horretarako ezarri. Salbuespena arau orokor bihurtu da, baina aparteko zerbait izan behar luke berriz.

Gutako zenbatek jasan dugu behin-behineko kontraturen bat? Gehienok. Horietako zenbat ziren iruzurrezkoak? Segur aski, horiek ere gehienak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.