Eskuko telefonoa konpontzera eraman duzu, eta dendan modelo zaharra utzi dizute, bi aste hauetan erabiltzeko. Hura piztu, eta lehenagoko erabiltzaileak bidalitako mezu batzuk daudela ohartu zara.
Hartzaileen zenbakiekin batera, testuetako lehen hitzak ageri dira. Mezu horietako bat hizkuntza ezezagun batean idatzia da. Jakin-minak bultzatuta, ireki egin duzu.
Ezer ulertu ez, eta Interneten bidezko itzulpen zerbitzu batera jo duzu. Testua idazten ari zaren artean, jokaera ez dela oso itxurosoa pentsatu duzu. Mezu horretako hizkuntza ez da hasieran zuk uste zenuena. Bigarren aukera bururatu zaizu. Oraingoan, bai. Itzulpena trakets samarra da, baina ulertzeko modukoa: «Relu aitak hitz egin zuen autoari eta dena utzi esan zuen». Hurrengo sei mezuak bost digituko zenbaki berera bidaliak dira. Espainieraz idatzita daude. Lehenak «gutxieneko errenta dut» dio; bigarrenean ustez igorlearenak diren izen-abizenak, jaioteguna, nortasun agiriaren zenbakia, banketxea eta kontu korronteko hogei digituak daude. Beste hiruretan hitz bakarra idatzita dago: dirua. Azkenekoan, aldiz, galdera bat: «Zenbatekoa da 400 euroen interesa?».
Maileguak azkar ematen dituen negozio baten zenbakia dela pentsatu, eta horri buruzko informazioa bilatu duzu Interneten. Digitu horiek dituen enpresaren orria aurkitu duzu. Publizitatearen arabera, zuk eskatutako dirua hamar minutuan sartzen dizute kontu korrontean. Gehienez, 400 euro ematen dizkizute, 30 eguneko epean ordaindu beharrekoak. 400 euro eskatu badituzu, 100 euro gehiago bueltatuko dituzu. Guztira, 500 euro.
Krisia herritar guztiak jotzen ari da, batez ere herritar xumeak. Gaur 400 euro ez dituena nolaz egon daiteke seguru hilabete barru 500 izango dituela zorrak kitatzeko, gutxieneko errenta besterik ez badu? Baliteke aukera bakarra epea amaitu baino lehen beste mailegu bat eskatzea, baina kasu honetan 500 eurokoa. Eta gero, agian, beste bat. Zorra handitu eta handitu. Puztu, lehertu arte.
400 euroko mailegu pribatu horretan %25eko interesak ordaindu behar dira. Duela 25 bat urte, etxea erosteko maileguak %20ren bueltan zeuden Hegoaldean. Lehen kasua lukurreria bada, zer zen orduan bigarrena? Legezko lapurreta, galanta gainera. Larrutik ordaintzen zenuen etxea, hainbesteko interesekin. Garai haietan bazegoen lagunik, bankuari oporretan joateko dirua eskatzen zionik. Koplak amaitu egin dira, baina. Orain, herritar kontsumitzaileak kontu serioagoei aurre egiteko lortu nahi du dirua. Maileguen bidez edo ondasunak salduz. Azken hilabeteotan urrea erosteko dendak ugaltzen ari dira saltoki handietan. Urrea, aberastasunaren sinboloa. Eraztunak, eskumuturrekoak, kateak… balio sentimental handia duten objektuak saltzen ari da jendea. Bihotzak ez du sabela betetzen.
Spike Leeren Inside Man filmean, II. Mundu Gerran juduen kontura aberastutako bankari batek judu baten esaldia aipatzen du bere burua zuritzeko: «Rothschildek argi esaten zuen: 'Krisi garaietan, erosi, erosi, erosi'».Rothschild abizena ez duena, berriz, saldu eta saldu dabil egun. Batek jakin krisiak eta ongizatezko gizartea deuseztatzeak nora eramango gaituzten. Batek jakin lehen oporretan joateko dirua eskatzen zuenak etorkizunean ez ote duen eskatuko oraingoz doakoak diren botika edo tratamendu bereziak ordaindu ahal izateko. Edo ospitale publikoan egun gehiago emateko eskubidea erosteko, ebakuntza egin eta biharamunean etxera bidal ez dezaten.
Inoiz ez duzu gutunik irakurri, zurea ez denik. Orduan, zergatik irakurri dituzu mezu horiek? Ezezagun batenak direlako? Noizbait zure telefonoa hautsi zela gogoratu duzu, eta mezu batzuk barruan geratu zirela. Mezu intimoak ziren. Telefonoa hartu, eta Reluren mezuak ezabatu dituzu. Arratsaldeko tea hoztu egin zaizu mahaiaren gainean.
Darwin eta gu
'Relu a vorbit tata'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu