Ea nork esaten dion gaur Rajoyri hauteskundeak irabazi arren ez dela Espainiako presidentea izango. Zaila zuen, gehiengo absolutorik gabeko aro berri honetan baidai lagunak aurkitzeko aukerarik apenas duen batentzako. Berak ere hala uste zuen eta makina bat aldiz entzun diogu gobernua osatzeko sozialisten beharra aldarrikatzen. Baina pronostiko guztiak hautsi ditu. Litekeena da Britainia Handian gertatutakoak laguntzea, kanpainan izan den polarizazioak bezala, baina inork ez zuen espero boto portzentaia eta diputatu kopurua handitzea. Rajoyk hamalau bat diputatu gehiago bildu ditu eta bide batez arrazoiak kendu dizkio Riverari bere burua exijitzeko. Garaipena ukaezina da eta, gainera, garaipen homogenoeoa da, ez du inon behera egin.
PPren aurkari guztiek galtzaileen zerrenda osatzen dute. Guztiek egiten dute behera. Aurreikuspenetan sartzen zen Ciudadanosek behera egitea bigarren itzulietan —eta honako hau abenduko hauteskundeen bigarren itzuli modura jokatu da— bi muturrak indartzeko joera izaten baitute. Ahaleginak egin ditu Riverak egoera horretatik ateratzeko, eta Fernandez Diaz ministroaren aferak seguruenik itxaropenak emango zizkion, baina nago Brexitak kontzientza gehiago mugiarazi dituela eta Rajoyk bultzatu duen beldurraren kanpainari etekin ezinhobea atera diola.
PSOEk eta Unidos-Podemosek ere badute motiborik hausnarketarako. Bien arteko lehia PPk aprobetxatu du. Ez dira gauza izan ezkerreko gobernua osatzeko aukera izan dutenean eta bigarren itzuli honetan bizkarra eman diete hautesleek. Bion artean bost eserleku utzi dituzte, bostak sozialistenak. Haatik, Podemosen galera handiagoa izan dela esango nuke, diputatu kopurua mantentzen duten arren koalizioak diputatu gehiago eman ez dituelako. Abenduan botoetan eman zen sorpassoa —IU eta Podemosen botoak bilduta— desagertu egin da. Sorpassoa botoetan ez ezik diputatu kopuruan ere ematea zen Iglesiasen apustua, ezkerraren liderra izan nahi zuen. Ikusitakoa ikusita, ez Iglesias ezta Sanchez ere. Ezkerra beti ezkerra, ezin konpondu, oraindik ez dutela ikasi ematen du.
Podemosek, hala ere, garaipen partzial batzuk eskuratu ditu. Euskal Herrian esaterako. Bai EAEn baita Nafarroan ere aurreikuspenak bete ditu Araban bigarren diputatua eskuratu ez badu ere. Ematen du esparru propioa eratzeko gauza izan daitekeela Iglesiasen alderdia, beti ere, PSOErekiko errezeloak gainditzen baditu. Hemen lortutako emaitzek erakusten dute badagoela esparru berri bat inorena ez dena, baina Podemosen eskutik datorrena.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. ANALISIA
Rajoyren 'sorpasso'-a
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu