BERDINTASUNA PENTSALDIAN

Produktibitatea

2020ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Nazio Batuen Emakumeen Erakundeak sarritan aditzera eman duen bezala, emakumeen eskubideak giza eskubideak dira. Haatik, hitz gutxiago eskaini dira emakumeok* nagikeriarako dugun eskubidea aldarrikatzerako. Las Odio riot girls musika taldeko kideek abesten zuten bezala: «Vale más vivir tumbada - que morir arrodillada — hoy no seré productiva — ya veremos mañana». Arazoa zera da, gauzak dauden bezala —eta leloaren eduki iraultzailea ezbaian jarri nahi gabe— abestiaren hitza praktikara eramateak, eskubidea ez ezik, pribilegioa izaten jarraitzen duela, emakumeok* ditugun hainbeste oztopo eta galzori kontuan izanda.

Lan ordaindua askapenerako bide bezala aurkeztu zigutenetik, gizonezkoekiko desparekotasuna areagotzeko balio izan duten hainbat iruzur desestali eta argitara eman dituzte mugimendu eta teoria feministek. Haien artean, lanaldi bikoitza edo hirukoitza (soldatapeko lana, etxeko lanak edota mendeko haur edo pertsonen zaintza) aurreikusten duena. Bereziki konpetitiboak diren ogibideetan, hala nola akademikoan, argi ikusi da berrogeialdian zehar emakumeen eta gizonen arteko arraila areagotu egin dela. Lehenengo sei asteak igaro ostean, aldizkari akademikoak tendentzia batez ohartzen hasi ziren: emakumeok bidalitako artikulu zientifikoen zenbatekoak behera egin zuen bitartean, gizonezkoenak %50era arte igo ziren. Meritokraziak agintzen duen esparru honetan, horrelako fenomenoak akademiaren barruan gauden emakumeak egoera prekarioagoetan mantentzea ekartzen du. Prekaritateak, edozein ogibide eta bizitzaren alorretan, genero harreman tradizionalak betikotzeko balio izaten du, erabakiak hartzeko orduan posizio ahulenean aurkitzen garelako, bai etxean, bai gure lanpostuetan, bai kalean.

Alde hau gainditzeko erabiltzen dugun energiak gure osasunean eragin zuzena izaten du. Adituek diotenez, arlo guztietan produktiboak izateko joerak frustrazio eta estres kroniko maila areagotzea eragin du emakumezkoen artean, gaitz espezifikoen sorburu izanik: aldakuntza hormonalak, hilerokoaren alterazioa edo sexu grinaren desagertzea, adibidez. Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko ikerlari talde batek azkenengo hilabeteetan garatutako ikerketa baten arabera, gaitzaren gestioak osasun mentalean izan dituen ondorioak ezberdinak izan dira generoaren arabera. Izan ere, antsietate eta depresio sintomak maizago eman dira emakumezkoetan (%26,8 eta %27,8), gizonezkoetan baino (%13,2 eta %17).

Gehiegizko esfortzu honek ekar ditzakeen gaixotasun fisiko eta psikologikoei aurre egin behar izatea arazo berria ez bada ere, konfinamenduak eragindako egoerak errealitate hau berriz jarri digu mutur azpian. Berrogeialdian zehar balizko denbora «estra» horretaz profitatzeko proposamenekin josi gaituzte (asko gorputza eta auto-zaintza helburu zutenak), baina benetako «estrak» lepo gainean eraman behar izan ditugun hainbeste zeregin izan dira.

Euskal Herriko Koordinakunde Feministak argi dauka: bizitzak erdigunean jarri behar ditugu. Anitza den subjektu feministaren errealitate ezberdinak aintzat hartzen dituen hausnarketa prozesua aurrera eraman du koordinakundeak, eta, besteak beste, denboraren erabilera ikuspegi feminista batetik aztertzea bermatuko duten neurriak eskatu dituzte. Berdintasunaren ispilupean hezi garenok, formalki parekidea izan nahi duen euskal gizarte honetan, egun hauetan etxean eta familia barruan sortu ditugun antolakuntza ereduak genero harremanen mikrofisika aztertzeko eszenatoki ezin hobe bihurtu ditzakegu. Baina, jakinda irtenbide indibidualek ez gaituztela inola ere sistemaren eraginpetik salbatuko, behin betiko erantzunak neurri eta politika publiko bihurtu behar dira. Hauteskunde kanpainan gaudenez, alderdi bakoitzak alor honetan proposamen zehatzak ote dituen jakitea komenigarria litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.