Eneritz Garro.
Koronabirusa. HEZKUNTZA PENTSALDIAN

Prestakuntzarik gabe irakasle?

2020ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Lizentzia bukatu berritan, 13-14 urteko gaztetxoekin hamar eguneko ordezkapena egin nuen. Bat-batean, prestakuntza berezirik gabe, topo egin nuen irakasle lanbidearekin. Eta gogoan dut hamar egun haien ostean neure burua irakasle izateko zein ezgai sentitu nuen, sentsazio hura betirako gelditu zait gorpuzturik. Pandemiak eragindako beharrei erantzuteko, salbuespen gisa, Bigarren Hezkuntzako irakasle izateko masterrik ez dela eskatuko irakurri dudanean berehala etorri zait gogora gorputzaldi hura.

Irakasleen hasierako prestakuntzan ari garenok badakigu gure eginkizun zailenetako bat dela gure ikasleek, etorkizuneko irakasleek, hezkuntzaz eta ikaste-irakaste prozesuez dituzten irudikapenak deseraikitzea. Esan ohi da irakasle izateko dugun lehen erreferentzia gure ikasle esperientzia dela. Eta oraindik ere, salbuespenak salbuespen, transmisioan oinarrituriko ereduetan ikasten da, batez ere hezkuntzako goi mailetan. Beraz, bigarren hezkuntzan irakasletza lanbidetzat nahi luketen askorentzat irakasle ona izateko nahikoa bide da irakatsi —transmititu— behar den edukia menperatzea eta hori ondo azaltzeko gaitasuna izatea.

Alabaina, irakasle lanbidea hori baino askoz konplexuagoa da eta garaiotako irakasle bati eskatzen zaizkion konpetentzia espezifiko eta zeharkakoak ezin dira lanketa sakonik gabe garatu. Irakasle batek jakin behar du nola hurbildu ikasleengana, nola lortu bere arloarekiko atxikimendua, nola erantzun aniztasunari, nola lagundu arloko ezagutzetan sakontzen, nola sustatu ikasleen pentsamendu kritikoa edota sormena, nola lagundu gelako elkarrekintzak... Bigarren Hezkuntzan hezkuntza eraldaketa gauzatu nahi badugu ezinbestean behar ditugu edukien transmisioa bakarrik ez, ikaste-irakaste prozesuak modu holistikoan ulertu eta maneiatuko dituzten irakasleak.

Ikerketek argi erakutsi dute lanbidean sartzeko momentua kritikoa dela eta ofizioan sartze hori zaindu ezean kostua handia dela, bai maila pertsonalean irakasle berriarentzat, eta baita sistemarentzat ere. Urteetan, lanbiderako sarbide hori prestakuntza txikiarekin egin izan da, bigarren hezkuntzako irakasleen prestakuntza pedagogikoari hutsaren hurrengo balioa aitortu izan zaio eta tramite gisa planteatu izan da irakasle izateko gaitzen zuen titulua eskuratzea. Orain hamarkada bat, masterra ezarri zen hori gainditzeko asmoz, laburregia askoren iritzirako, baina behinik behin prestakuntzaren beharra aitortzen zuena.

Eta orain hau. Salbuespen egoera baten egindako proposamena da, baina erantzunaren izaerak ematen du zer pentsatua Bigarren Hezkuntzako irakasletzaz dugun iruditegiaren inguruan. Beste aukera batzuen artean —esaterako, Lehen Hezkuntzako gradudunei Bigarren Hezkuntzan aritzeko aukera ematea— hobetsi da prestakuntza pedagogikorik ez eskatzea. Badirudi beste behin ere edukia atera zaigula garaile.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.