Gatazka armatuaren garairik gogorrenetan eta haien ondorengo prozesuetan euskal presoen auzia agendan egon zen, gehiago edo gutxiago. 1989an,Aljerko negoziazioetan —bi urte ere ez ziren ETAk Hipercorren eta Zaragozan bonba-autoz sarraskiak eragin zituela—, Espainiak ez zeukan bake prozesu bat abiatzeko asmorik, baina sikiera bazioen «gehienez ere, azken unean, bakea presoen truke», ETAm-ren eskema hura ez zen arren. Beste adibide bat: ETAk 1995eko urtarrilean ekin zion berriro politikariak hiltzeari, 1996-1997an bahituta eduki zuen Ortega Lara kartzela langilea, baina laster batera Lizarra-Garazi aroan PPren gobernuak egin zuen presoen hurbiltzerik —baita urruntzerik ere—; edota 1995eko abenduan eta 1996ko urrian —Ortega Lara bahitua zela—, Eusko Legebiltzarrak presoen eskubideen aldeko ebazpenak onartu zituen; berritasuna zen, eta, ordurako, pauso bat.
Aldiz, ETAk 2011ko urrian borroka armatua bukatutzat eman bazuen ere, presoen auzia ez dago agendan. Erantzule dira Espainiako eta Frantziako estatuak; haiek dituzte espetxeetako giltzak. Gainera, atzerapausoak egin dituzte bakearen urteotan, batik bat Espainiak: Langraiz bidea izoztu; presoen abokatuak atxilotu eta kartzelatu; preso batzuk zakurrak balira bezala bakartu; legezko eskakizunak egonagatik ere, oso larri gaixorik daudenak ez kaleratu, presoen Euskal Herriratze eskaerak baztertu eta 70 urtetik gorakoak espetxean mantendu; zigorra Frantzian bete duten presoek Espainian kunplitu beharrekoa ez murrizteko neurriak hartu; Bateragune auzikoak zigorra amaitu arte gatibu eduki; epaiketa politikoen bidez hainbat lagun kartzelatu eta beste hainbat mehatxatu; Etxerat-en aurkako operazioa egin; Urkijoren eta fiskalen jazarpena; Jaurlaritzaren Hitzeman eta Zuzen Bidean programak ukatu, eta lehendakariaren eskaerei entzungor egin... Eta hau ere klasiko bat da: 1979ko estatutuan —lege organiko batean— agertu arren, espetxe politikaren eskumena igortzeke jarraitu du. Baina Madril oso lasai egon da, euskal gizarteak ez baitio presio eraginkorrik egin, mobilizazioak mobilizazio.
EAJk badu erantzukizun historikorik honetan guztian. 1989 garrantzitsu hartan, Aljerkoak mahaian zeudela —ETAren eta estatuaren arteko lehen elkarrizketa politikoak ziren—, Ajuria Eneko Ituneko kideekin Bakea orain eta betirako manifestazioa antolatu zuen Bilbon, ez oso elkarrizketa haien aldekoa; eta gero, 1989an bertan, zuzen-zuzenean, sakabanaketa politika babestu zuen, diseinatzen laguntzeaz gain. Aldiz, ETArik gabeko garaiotan, epeldabil presoen eskubideen arloan. EAJren Jaurlaritzak atera ditu programak, aitortuta ez duela garatzeko eskumenik; haren legealdia amaitzera doa, eta ez dago emaitzarik. «Rajoyk ez du estatu politikarik», dio Urkulluk. EPPK-ko EAEko 350en bat gizon-emakume presoren lehendakari ere bada Urkullu, eta zer egin dueskubideen alde eta urraketen aurka? Detaile bat: kanpora begira, ezagunagoa egin da Rene Cassin sarien ekitaldian bake-bakean eta isil-isilik presoak Euskal Herriratzearen aldeko ikurra atera zuenari aurre egin izana.
EAJk ez du presorik, eta presarik ere ez. Esaten du, gainera: ezker abertzalearen arazoa da presoena. Baina, aldi berean, uste du Madrilen egokiera hoberik balego espetxe politikan onura batzuk lor ditzakeena alderdi jeltzalea bera dela; jakina, presoei ETAren «bidegabeko kaltea» aitortzeko exijitzearen truke, Urkulluk gogoratzen duen moduan. Zain dagoalderdi «humanista», pasibo edo. Ez du pentsatzen presoen auzian herri presioa eginda posizioahobetu daitekeenik beste xedebatzuetarako; edo ez du nahi.
Ezker abertzaleak ere badu erantzukinik. Baditu presoak, eta badu presarik gatazkaren parte humano hori konpontzeko eta, ondorioz, bere proiektu politikorako bidea zabaltzeko. Itotzen ari da, eta gatazkaren ondorioetan haren aldetik erabaki berri eta handien garaia heldu dela barruntatu ahal da —erne egon beharko da Rufi Etxeberria Sortun Gatazkaren Konponbiderako arduradun denak etzi Iruñean emango duen hitzaldiaz—. Paul Riosek orain ia bi urte BERRIAn zioen bake prozesuak berriz ere «gertaera garbiak, jendeak azalpenik gabe ulertzeko modukoak» behar dituela. ETAren armagabetzea aipatu zuen, kasurako. Potentzialtasuna luke presoena gehiago aktibatzeko eta gauzak errazteko. Estatuen trabak traba, armagabetzea ez da heldu, ETAk, dosietan, borondatea azaldu arren. 2014ko uztailean, esaterako, zioen «borroka armatuaren egitura logistikoa eta operatiboa desegin» zituela. Hura entzutean, EH Bilduren boto-emaile den Donostia aldeko adineko emakume batek: «Baina hau ez al zen ba bukatu?». Erne gizartearen indiferentziarekin ere.
Euskal presoak. Manifestazioa Bilbon eta Baionan. ANALISIA
Presoak eta presak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu