Duela urtebete ezer berezirik jazo izan ez balitz ere, premiazkoa, lehentasunezkoa zatekeen euskal presoen kolektiboari Espainiak nahiz Frantziak ezarritako espetxe politika berezia amaitzea;bi estatuek euskal presoentzat berariaz ezarritako neurriek, gainera, ez dute ezta ustezko helburua ere lortu, ez bada presoen beren eta haien senide eta lagunen giza eskubideak urratzea. Eta, hala ere, neurri horiei eutsi izanak —dela sakabanatzea, dela bakartzea, dela bizi osorako kartzela zigorra ezartzea, dela gaixo larri diren presoak edo zigorraren bi heren edo hiru laurdenak beteak dituzten presoak kartzelan atxikitzea...— gauza bat nabarmenarazten du: benetako xedea ustezko helburuak bainoago euskal presoen eta haien senide eta lagunen giza eskubideak urratzea dela. Horregatik, lehentasunezkoa da, premiazkoa da salbuespen neurri horiek berehala indargabetzea. Giza eskubideei dagokielako.
Baina gauza arras garrantzitsuak gertatu ziren duela urtebete. Eta bakegintzarako, bizikidetzarako, normalizaziorako eta akordio politikorako ateak ireki ziren. Hori dena ez da goizetik gauera iritsiko, are gutxiago oraindik irekitako ate horretatik igarotzeko borondaterik ez duten eragile indartsuak baldin badaude.
Euskal presoen auzia gobernuek eta ETAk hasi beharko luketen elkarrizketan jorratu beharreko gaia da. Talde armatuak duela urtebete egin zien elkarrizketa eskaintza, baina oraingoz ez diote baiezkorik eman. Presoen auzia konpondu gabe, are, presoen kolektiboak konponbidean parte hartu gabe gainditu den gatazkarik ez da ezagutzen munduan. Konponbide integrala eman nahi bazaio, zauriak itxiko badira, presoak ere aintzat hartu behar dira, konponbidean parte hartu behar dute, gatazkaren parte izan diren heinean.
Salbuespen neurriak indargabetzea, ordea, ez dago ezein elkarrizketaren menpe.
Horren harira, Etxerat elkarteak elkarrizketak hasi zituen, atzo, urriaren 21eko bozetara aurkeztu diren lehendakarigaiekin. Equoko Aitor Urrestik eta EH Bilduko Laura Mintegik hartu zituzten, atzo, bilera banatan Etxerat-eko Nerea Eizagirre eta Jon Fano. Euskal presoek zein senide eta lagunek duten egoeraren berri emateaz gain, hainbat eskaera ere egin dizkie Etxerat-ek lehendakarigaiei: espetxe politika horrek eragiten dieten eta eragiten duen sufrimendua aitortzea; salbuespeneko espetxe politikaren eta sakabanaketaren amaiera exijitzea; politika hori desaktibatzen ez den bitartean, sortzen dituen ondorioak arintzen laguntzea eta, gainera, konponbide bat ematen saiatzea; etaBateragune auziagatik preso den Harkaitz Rodriguezen arreba Enarak jasan berri duen erasoaren salaketa egitea, eta gertatu dena argitzeko exijitzea.
Atzoko bilera hastapena izatea espero dute euskal preso eta iheslarien senideen elkartekoek, gainontzeko lehendakarigaiei ere eskatu baitiete bilera. Gai honetan konpromisoak hartzea eta betetzea ez dago soberan, hurrengo lehendakariari, Jaurlaritzari eta legebiltzarrari eskatzen dietena ere ez da bete ezinekoa, euren senide presoen eta euren giza eskubideen aldeko jarrera hartzea baita finean.
Lehendakariak, Jaurlaritzak eta legebiltzarrak zuzenean ez dituzte euskal presoak Euskal Herriratuko. Baina badago haien esku hori posible egiten laguntzea, gai hau, krisiarekin edo krisirik gabe, heldu eta konpondu beharrekoa baita.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Boz jarioa
Premiazkoa da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu