enekoitz esnaola
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Ondorena. ANALISIA

PPrekin harremana

2015eko abenduaren 23a
00:00
Entzun
EAJk esan du inbestiduran ez duela Rajoyren alde egingo, baina ez du esan ez duenik baztertzen PPrekin —gobernuan balego— harreman berri bat abiatzea, eta ez du esan PSOEren alde egingo duenik gobernu alternatibo bat eratze aldera. Zain geratu da EAJ, autogobernuaren alorrean-eta zeinekin eta nola moldatu ahal den aztertzeko. PSOEren gobernuak babestu izan ditu, eta PPrena ere bai 1996an, Aznarrena, PPk 156 diputatu eta PSOEk eta IUk 162 zituztela. Garai desberdinak ziren haiek, Felipe Gonzalezen aroaren bukaera zelako —GAL, ustelkeria...—, baina EAJ irabazlearekin moldatzen den seinale izan zen. CiUk eta CCk bezala, PP sostengatu, eta 1979ko estatutuko eskumen batzuk lortu zituen.

PPk, orain, bi talde katalan independentistak baztertuta eta Ciudadanos aski ez zaiola, gobernabiderako ez du nahikoa EAJren babesa, izan zuzenekoa ala zeharkakoa. Beraz, PPk behar, ez du behar Kongresurako. Oroz gain, PP PSOEren abstentzioaren bila doa Moncloan lasai antzean segitzeko; harekin Europako Batasuneko eta estatu intereseko diren zutabe nagusiak hitzartzen saiatuko da, eta, behin hori erdietsita etagutxiengoan dela, batekin eta bestearekin unean uneko itunak egiten saiatuko litzateke gobernabidea lortzeko. Hor arrazoi du EBBk: jarrera aldatu beharrean da PP, elkarrizketaren eta akordioen balioak landuz, urteotan ez bezala. Gorriz azpimarratu du hori EBBk: «Emaitzek zerumuga berria zabaldu dute».

EAJk esan izan du konstituzioan badela «zirrikiturik» estatuak «Euskadiren» nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea onartzeko; esan izan du, halaber, nahikoa dela han «ukitu» batzuk egitea; eta esan izan du ez dagoela zertan aldatu ere. Igandeko bozen ostean, eta PPren alternatibako gobernu bat baztertutzat jo badaiteke—eratuko balitz ere...—, ezinezkoa da estatuak ematea EAJk planteatutako eskaera horiek. Gainera, konstituzioa erreformatzeko Kongresuaren bi heren behar dira —PPk eta C's-k, kasurako, %46 dute—, eta PPk Senatuan gehiengo osoa du. Eta EAJk ez du aldebakartasunetik joko. Urteotan EH Bildurekin ekintza bateraturik ere ez du bilatu ganoraz —baina erantzukizun osoa ez da EBBrena—.

Gobernu berriaren zain geratuko da EAJ. Jakinik orain inbestidurarako ez daukala giltzarik, ez du alde batera (PP) edo bestera (PSOE) arriskatuko, gerora hanka ez sartzearren. Behin gobernua badela —PPrena, hain segur—, EAJk aurrerantzean ere aldarrikatuko du nazio izaera eta erabakitzeko eskubidea, 2016ko bozautonomikoak buruan ikurrok erabat besteen esku ez uztearren. Baina, bide batez, iristeke diren eskumenei eutsiko die, Moncloari kontua eskatuta. Kontzertua ez ukitzeko eta Konstituzionalaren funtzio politikoa apaltzeko ere eskatuko dio. Berritasunik ez da hor, baina: Urkullu urteotan saiatu da lan horietan Rajoyrekin, espetxe politikan urrats baikorrak eskatzeaz gain. Ez du deus lortu. Ordea, «zerumuga berria zabaldu da» orain; hau da, EAJk hainbeste desio zuen gehiengo osorik eza Madrilen. Kudeaketan iaioa ei den EAJk behar du zerbait. Egin kontu: Eusko Legebiltzarrean, haren hiru ardatzetatik bi ez dira kasik abiatu ere egin —bake eta autogobernu lantaldeak—, eta legealdi osoan ez du eskumen bat bera ere eskuratu —eroso egon da Rajoy—.

Sabin Etxeak ikusten du Eusko Legebiltzarrean hurrena ezkerreko eta erabakitzeko eskubidearen aldeko taldeek espazio indartsu bat egituratu ahal dutela —maiatzeko bozen estrapolazioan, 30 aulki; igandekoetan, 34—, eta, agian, EAJri ez zaio aski izango PSEren sostengua; PPrena ere beharko luke. Estatuari, berriz, komeni zaio ez piztea beste lurralde gatazkarik, eta EAE kontrolpean izateko lanean segituko du, formula jatorragoekin bada ere.

1990eko hamarkada bukaeran, Aznarren jarrera erasokorraren ostean, Lizarra-Garazik hautsizuen EAJ-PP (+PSE) harremana. Gaur ez da hori EAJren eskema.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.