ainhoa aznarez
Emakumeak politikan. IRITZIA

Politika feminizatzea, pertsonak erdigunean jartzea

2016ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Politikaren feminizazioa ez da soilik emakume gehiago agertzea erakundeetan eta erabakiguneetan; izan ere, feminizazioa hasten da erakunde edo erabakigune horiek feminista bihurtzen direnean. Feminizatzea feminismoaren ikuspuntutik demokratizatzea da, eta guztion beharrizanak mahai gainean jartzea. Beharrizan horietako batzuek lotura dute, hein batean, bizitzarekin eta pertsonen zainketarekin, zeina orain arte gutxi baloratutako eta ikusezin bihurtutako eginbehar bat izan baita, agindu patriarkalek emakumeoi soilik esleitutakoa. Hortik heldu da emakumeok gure eguneroko zereginetan aurre egin behar diogun kristalezko sabaia hormigoizko sabai bihurtzea, politikari buruz ari garenean.

Nafarroan une historiko bat bizitzen ari gara, zeinean emakumeok esparru publikoaren eta politikoaren partaide baikara; alabaina, eremu publikoak, gizonezkoek pentsatuak, sakonki patriarkalak dira oraindik ere. Hori dela eta, gure borroka da, eta izan behar du, lehentasun politikoak eraldatzea, pertsonak erabaki guztien erdigunean jartzea.

Egia da emakumeok eginiko politikak ez duela berariazko molderik. Kontua ez da biologikoa, eta ezer ez dago balio femenino jakin batzuen antzekorik, gizonezkoek politika egiteko berariazko molderik ez dagoen bezalaxe. Baina egia da ezen existitzen ez bagara, kontatzen ez badugu, ordezkatuta ez bagaude, pairatzen ditugun arazoak ere ez direla inon ageriko. Garrantzitsua da presente egotea, zeren eta lidergo partekatuak, lankidetzarekin eta erantzukidetasunekin eraikitzen direnak, hobeak baitira; emakumeentzat ez ezik, gizarte osoarentzat ere bai.

Baina politikan gaur egun dihardugunok, jendaurreko jardunez haratago, egin beharreko lanaldi luze amorratuek ez digute aukerarik ematen bizitza politikoa, lanekoa, familiakoa eta pertsonala bateragarri egiteko, eta horrek emakumeoi eragiten digu bereziki, tradizionalki etxeko lanak, zainketa-lanak eta afektuekin lotutakoak egin baititugu, aipatu dugun bezala. Hori dela eta, pizgarriak eman behar genituzke emakumeek parte har dezaten, bateragarritasuna erraztuz, erantzukidetasuna bultzatuz eta bideragarri eginez beren kargura mendetasun egoeran dauden pertsonak dauzkatenen parte-hartzea.

Politika berria egiteak joko-arauak aldatzea ere badakar. Garai-aldaketa batean gaude, non gakoa baita erakundeak ahalduntzea, dibertsitateak onartzea eta agenda sozial eta feministak geure egitea. Agian, horixe da gakoa herritarrek politikarekiko daukaten atxikimendurik eza amaitzeko eta ekimena izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.