Maiz entzun dugu Euskadiko herritarron bizi-maila ez dela kaskarra. Koronabirusaren krisia baino lehenagoko datuak jarraituz, langabezia-tasa %8,7koa da, Espainia mailan tasa txikienetan bigarrena —Nafarroak du lehena—. Euskadiko per capita barne produktu gordina autonomia erkidegoen artean bigarren postuan dago, Madrilgo Erkidegoaren atzetik. Adierazle ekonomiko txukun horiek ez dute osoki adierazten Euskadiko gizartearen errealitatea, jakina. Pobrezia-tasa %8koa da, eta ongizate gabezia-tasa, %22,4koa, Eusko Jaurlaritzaren gizarte premiei buruzko inkestaren arabera. Batzuetan portzentaje hutsek ez digute behar bezala erakusten gizartearen arazoen hedapena. Horrelakoetan, gardenagoak izaten dira zenbaki absolutuak: Euskadin 484.571 herritarrek ez dute behar adina dirurik gutxieneko ongizate eta erosotasunez bizitzeko. Horien artean 172.306 pertsonak arazo ekonomiko larriak dituzte oinarrizko beharrei (elikadura, etxebizitza, arropa) aurre egiteko. Koronabirusa baino lehen behintzat.
Espainiako Gobernuak bizitzeko gutxieneko diru-sarrera sortu berri du. Euskadin laguntza berri honek ez du egundoko eraginik izango gurean, aspaldi onartuta dagoelako diru-sarrerak bermatzeko errenta. Oinarrizko premiak asetzeko baliabide ekonomikorik ez duten pertsonei ematen zaizkie prestazio horiek, aldez aurretik finkatutako baldintzak betez gero. Herrialde guztietan badira pobrezian eragiten duten faktoreak eta bereizgarriak, eta horien artean badago errepikatzen den ezaugarri bat: txirotasunak gehiago astintzen ditu emakumeak gizonak baino. Euskadiko pobrezia-tasa %8 izanik, emakume bat buru duten familietan %12,4 da, eta gizon bat buru dutenetan, %5,8. 65 urtetik gora emakume bat buru duten etxeetan pobrezia-tasa %6,2 da, eta egoera berean dauden gizonen artean, %1,7. Emakume bat buru duten guraso bakarreko familiek pobrezia egoera osoaren %10,7 hartzen dute. Euskadin 2019ko amaieran 52.455 pertsonak jasotzen zuten diru-sarrera bermatzeko errenta, eta horien artean %58 emakumeak ziren. Koronabirusa baino lehen behintzat.
Pandemiaren ondorioz egoera ekonomiko-sozialak okerrera egingo duela ez du inork zalantzan jartzen, emakumeak bereziki kaltetuak izango direla ere ez. Horiek horrela, bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren aldeko jarrera zabaldu da gizartean: CIS-ek maiatzean argitaratutako barometroak erakusten zuen Espainiako gizartearen %83,4 horrelako prestazioen alde zegoela. Ultraeskuina ez da jabetu, baina gizartea gainditzen ari da pixkanaka, antza, horren inguruko eztabaida sutsuak, prestazioa jasotzen dutenak alfer iruzurtiak direla esaten duten aurreiritzi diskriminatzaileak eta atzerritarrak diruaren usainean trumilka etorriko direla kontatzen duten uste arrazistak. Horixe izan beharko litzateke erakunde eta eragile politikoen ardatz nagusia, hauteskundeetan bakarrik ez, edozein garaitan baizik, berdintasuna lortze aldera baliabide ekonomikoen birbanaketa ezinbestekoa baita, hau da, gehiago dutenengandik gutxiago dutenenganako bitartekoen transferentzia. Koronabirusaren ondoren behingoz?
Koronabirusa. BERDINTASUNA PENTSALDIAN
Pobreziaren kontra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu