Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIAREN TALAIATIK

Plasma hiperimmunea

2020ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
COVID-19 gaixotasunean dagoen arazo larriena da ez dagoela txerto edo botika espezifikorik birusaren kontra, eta, hortaz, beste mikroorganismo batzuen kontra jadanik ditugun botikak probatu behar dira. Horietako tratamendu bat plasma hiperimmunearen erabilera da.

Kasu horretan, emaile ezberdinek beren plasma ematen dute gaixoak erabili ahal izateko. Baina emaileen plasma guztiak ez dira baliagarriak, eta, beraz, baldintza batzuk bete behar dituzte. Lehenengoz, emaile hori aldez aurretik PCR teknikaren bidez SARS-CoV-2aren genoma diagnostikatuta egotea, eta sendatuta egotea; hau da, gutxienez hamalau egun sintomarik gabe egotea eta seriatutako PCR teknikaren bi proba negatibo izatea. Beste baldintza garrantzitsu bat da birusaren aurkako IgG motako antigorputzak izatea; beraz, diagnostiko hori ere egin beharko litzateke. Azkenik, aztertu egin behar da beste mikroorganismo batzuen presentzia—B edo C hepatitisen birusak, giza immunoeskasiaren birusa, edota sifilisa—, eta odol-taldea ere.

Plasma-bilketa, izatez, prozedura sinplea da, eta, eskuarki, ez du eragin kaltegarririk. Besaurreko zain batetik odola erauzten da sistema esteril baten bidez, erabilera bakarreko sistema baten bidez. Odolaren zati likidoa eta plasma bereizten dira makina baten bidez, eta gainerako osagaiak —hematieak, globulu zuriak eta plaketak— emaileari itzultzen zaizkio. Jasotako plasma inaktibatu egiten da, segurtasuna bermatzeko, eta izoztu egiten da, ondoren erabili ahal izateko.

Hala ere, terapia horretan hainbat galdera daude oraingoz erantzuteko. Alde batetik, infekzioetan sortzen diren antigorputz motak ez dira denak berdinak. Antigorputz neutralizatzaileak dira birusa zelulatik kanpo dagoenean birus hori blokeatu ahal dutenak, eta, beraz, beharrezkoak direnak infekzioa geldiarazteko. COVID-19an oraingoz ez da guztiz ezaguna sendatutakoek zenbat antigorputz neutralizatzaile sortzen dituzten. Bestetik, oraingoz ez dago guztiz argituta tratamendu hori benetan eraginkorra ote den, eta, horrela izanik, ezta gaixotasunaren zein momentutan eman beharko litzatekeen ere. Azkenik, ez da jakina zenbat plasma eman behar den; beharbada, emaileak duen antigorputz kantitatearen menpekoa izan beharko litzateke.

Martxoaren bukaeran JAMA aldizkarian argitaratutako artikulu batean, arnasako distres akutua zuten bost pazienteri horrelako plasma eman zieten, eta hobekuntza ikusi zen haien egoera klinikoan. Laginaren tamaina txikia da, eta azterketaren diseinua, eskasa, baina terapia horretan itxaropena egon daitekeela ohartarazten du. Hego Euskal Herriko ospitaleetan ere probatzen hasi dira terapia hori, nahiz eta oraingoz ez duten argitaratu emaitzarik.

Horrelako terapiak erabili izan dira birusengatiko beste infekzio batzuk kontrolatu ahal izateko, hala nola ebola birusaren kasuan, edo MERS eta SARS koronabirusen kasuetan, eta lortu diren emaitzak kontrajarriak izan dira.

Azken finean, saiakuntza klinikoek esango dute ea plasma hiperimmunearen terapia segurua eta eraginkorra den, baina horretarako denbora beharko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.