Imanol Murua Uria.
ETAren armagabetzea. IRITZIA

Planeten lerrokatzea

2017ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Ez dakigu oso ondo zergatik, baina planetak lerrokatu egin dira oraingo honetan. Halako batean, urtetan ados jarri ezinik ibili direnak bat etorri dira. Ez guztiz, baina bai, funtsean. PSOE. Nafarroako Gobernua. EH Bildu. CCOO. LAB. EAJ. Ahal Dugu. Eusko Jaurlaritza. ETA. Ipar Euskal Herrikoak, aitzindaritza hartu dutenak, ados zetozen lehendik. Eta fenomenoa are ezohikoagoa egiteko, urtetan oztopoak jarri besterik egin ez dutenek laisser faire jarrera hartu dute. Ez dezagun etxafuegoa behar baino lehenago bota—artikulu hau igandean argitaratuko da, Baionakoaren biharamunean, baina ostiralean idatzia da, Baionakoaren bezperan—, baina badirudi Espainiako Auzitegi Nazionaleko bulegoetatik bakea emango dutela, parentesi txiki honetarako bada ere.

Derrigorrezkoak ziren guztiak oinarrietan ados jarri dira, beraz. Eskemari erreparatuta, gainera, inork esan lezake ez zela horren zaila. Sinplea dirudi: gobernuek armak hartu nahi ez dituztenez, eman diezazkiogun herriari; alegia, gizarte zibilari; zehatzago, bakearen artisauei, bila dezagun borondatea duten instituzioen eta eragileen babesa, eta ken ditzagun derrigorrezkoen zerrendatik borondaterik ez dutenak. Ezin, ordea, horren sinplea izan. Horrelako operazio baten zailtasun tekniko handiak alde batera utzita ere —armak entregatzea ez baita prozesu birtual bat, Berhokohirigoinek gogorarazi duen bezala—, ezagun du zailtasun politikoak ere ez direla nolanahikoak izan.

Auzi honetan zer esana eta egina duten guztiek bakarrik dakite zer korapilatsua izan den (eta izaten ari den) hari guztiak behar bezala jostea, hain zuzen ere, gaurtik aurrera ere egin beharreko guztia baldintzarik onenetan egin ahal izateko moduan uzteko, parte hartzen ari diren eragile guztiak euren egitekoan, eta argazkian egokitu zaien lekuan, eroso egoteko. Azken egunotan sumatu diren errezelo eta erreparoek ematen dute oreka hauen zailtasunaren eta lortutako adostasunaren hauskortasunaren neurria.

Ez da garrantzirik gabea. Baionan izan diren guztiak (eta izan ez diren asko) beharrezkoak izango baitira konpondu gabe jarraituko duten auzi ondo potoloei irtenbidea bilatzen saiatzeko. Erakunde desarmatuaren desegitea badatorrela ematen du, baina presoen auziak hor jarraituko du, eta berebiziko garrantzia izan dezake joan den astean ikusi ditugun argazkiak berriro ikusi ahal izatea, eragingarri izan baitaiteke beste espetxe politika bat ahalbidetzeko lerroka daitezen, behingoz, planetak.

Zerk eraman ditu eragile guztiak, edo gehienak, oraingoan bai, norabide berean bultzatzeko, argazki berean bilduta denek mezu eraikitzaile bera emateko? Badirudi zirt edo zart taktikak ongi funtzionatu duela. Irudi luke bakearen artisauek jokoz kanpokoaren jokaldia egin dutela, eta ondo atera zaiela: pauso bat aurrera eman ustekabean (armagabetzeari eguna jarriz) eta, norabide berean (eta azkar) mugitzen ez diren guztiak, jokoz kanpo. Kito. Zirt edo zart-ekoak diplomaziaren bide bihurriagoek baino hobeto funtzionatu du Luhusukoaren ostean abiatutako esprint luze honetan.

Atzokoa posible egin duen jokaldia, ordea, askoz luzeagoa izan da. Proba/errore metodoa, behin eta berriro, funtzionatu duen arte. Huts egitearen poderioz asmatu, alegia. Akordatu Mannikalingamen eta Kasrilsen bideoarekin. Arreta anekdotan jartzea izango da seguruenik baina, jokaldiaren luzea gogoan, galdera ezin burutik kendu: non dago Currin?

Ez da Currin. Planetak inolaz ere lerrokatzen ez ziren garai ondo zailetan etsi ez zuten guztiak dira. 2007an,tiroak isildu ez zirenean, atxiloketak eguneroko ogia zirenean, atzoko Baionakoa posible izan zedin lanean ari ziren gutxi batzuk. Geroztik izan diren gorabehera zail askotan ere hor izan dira, pedalei eraginez, Ibarretxek bere garai onetan esango lukeen moduan, bizikletari zutik eusteko eta hanka lurrean jarri behar ez izateko bederen. Ez dakigu ziur planetak oraingo honetan lerrokatzea zergatik izan den posible, baina badakigu 2007tik proba/errore prozesu etengabean aritu direnek zerikusi handia izan dutela zorioneko une hau irits zedin. Gogoan, haiek ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.