Euskalerria Irratiaren agerraldia zena eztabaida bilakatu zen atzo. Izan ere, Nafarroatik, Euskalerria Irratiko ordezkariak ez ezik, PPko europarlamentari Pablo Zalba joan zen atzo Europako Parlamentuko Gutxiengoen eta Hizkuntzen Taldearen bilkurara.
Zalbak hasieratik argi utzi zuen zein zen bere asmoa: Nafarroako Gobernuaren jokaera defendatzea. Kemenez ahalegindu zen horretan, argudioak, hizkuntz eremuak, kontzeptuak nahasiz: lizentziak eskuratu dituzten COPE eta SER irratiak dira gehien entzuten direnak, Euskararen Legearen araberako eremu euskaldunean Xorroxin irratiari lizentzia eman diote, Euskalerria rratiak ezin du beste erkidego bateko irrati publiko bateko programazioa zabaldu, eta horixe da azken lehiaketan lizentziarik gabe utzi duena.
Mikel Bujandak ederki erantzun zion: COPEk eta SERek ez dute hitzerdirik emititzen euskaraz, Iruñerria eremu mistoan dago, eta han euskaldunen erdiak bizi dira, Europako hainbat zuzentarauk (mugarik gabeko telebistarena, Europako kultur ekoizpena babesten duena, lehiaketa librearena...) diotela Euskalerria irratiak Euskadi Irratiaren ekoizpenak zabaltzeko eskubidea duela.
Halere, urak uhertzeko Zalbaren ahaleginak kezkatu ninduen, Europarlamentariei Euskalerria Irratiaren afera argi geratu ote zitzaien ez nekusan argi, taldeko presidentea, ALEko François Alfonsi korsikarra, mintzatu zen arte. Hipokritatzat jo zuen Nafarroako Gobernuaren jarrera, eta hipokrisia hori azaltzeko simil futbolistikoa erabili zuen: «Faltak bi modutan egin daitezke, ostiko ikusgarri batez edo traba, obstrukzio sotilago batez. Nafarroako Gobernuak bigarren bide hori erabiltzen du, baina bistan da falta egiten duela».
Alfonsi, nolabaitere, talde horretako arbitroa, epailea zen. Eta argi utzi zuen Zalbaren eta Nafarroako Gobernuaren jokaldiarekiko bere erabakia: penaltia eta txartel gorria. Pentsatzen jarrita, Zalbak mesede egin digu europarlamentarien aitzinean Nafarroako Gobernuaren jarrera ankerra irudikatuz.
Iritzia. Euskalerria irratia Europako Parlamentuan
Penaltia eta txartel gorria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu