enekoitz esnaola
ANALISIA

Pelikula hau

2018ko irailaren 9a
00:00
Entzun

Duela hiru urte EAJk Gipuzkoako foru hauteskundeak irabazi, eta astebete pasara haren ahaldungai nagusi Markel Olano, Iparraldeko Euskal Irratietan, PSE-EErekin laster abiatuko zuten gobernu koalizioaren balizko balioaz baino gehiago mintzatu zen, herrialdeko aurreko urteetako «talka» hizpide, ezker abertzalearen eta EAJren arteko harreman txarraz. «Esaten da Gipuzkoa laborategi antzeko bat dela, eta han aurreratzen dela etorkizuneko politikagintza. [...] Oso borroka latza izan da azken lau urteotan Gipuzkoan, oso bortitza. Lehia politikoa haustura bihurtu da, eta horrek euskal politikagintzari eragin egingo dio hurrengo urteetarako»; «ezker abertzaleak EAJ ustelkeriaren irudira batu nahi izan du. Harentzat EAJ ez da arerio politiko bat, baizik eta etsai politiko bat. Muturreraino joan da»; «zubi asko puskatu dituzte, eta Gipuzkoan urteak beharko ditugu eraikitzen. [...] Harreman mailan ez dugu konfiantzarik izango. Adostasunetara iristea ia ezinezkoa izango da. Gutxieneko errespetua ez baduzu, hasten bazara pertsona bat iraintzen, ez eskatu gero elkarlana»; «garbi daukat erabakitzeko eskubidea Euskal Herrian aurrera ateratzeko ezinbestekoa dela abertzale guztien arteko elkarlana, eta une honetan tamalez hori ez da posible».

Olanok elkarrizketa hori eman, eta, berehalaxe, hamazazpi urteren ostean EAJ berriro hasi zen PSErekin gobernu koalizioak egiten. Hala ere, eta adibidez ahaztu gabe hondakinen arloan Gipuzkoako arduradun instituzionalek epaiketaraino eraman dituztela Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandieta Bilduren 2011-2015eko ordezkariak, zubiak zerbait eraikita-edo Gipuzkoako Batzar Nagusietan agintaldian zehar EAJk eta EH Bilduk lortu dituzte akordioak erabakitzeko eskubideaz edota herri galdeketez. EAEn, estatutu politiko berriaren oinarriena izan da bien arteko azkenaldiko akordiorik gorena, eta badirudi hor eroso(ago) dagoela Olano, EAJko beste kide esanguratsu batzuk ez bezala —asteon ere ikusi da diferentzia hori—.

Lizarrako Akordioaren adierazpenak datorren astean hogei urte beteko ditu. Gertutik jarraitu zuen Olanok berak; GBBko kidea zen, eta Egibarren ildokoa beti. Abertzaleen arteko elkarlanaren aldeko diskurtsoa izan du ildo horrek, eta, beraz, koherentea da Olano EAJren eta EH Bilduren adostasun horren alde agertzea —dena dela, 2015eko hauteskundeen kanpainaurrean EAJren aldizkariko elkarrizketa batean esan zuen beretzat EH Bildu zela «politikaren ikuspuntutik etsai nagusia»—. Asteon, Urkulluk estatutu berriaren oinarriak kamustu beharko direla iradoki —«biderik egingo ez duen testu batekin gelditu nahi badugu, lehendik ere baditugu testuak»—, eta hurrengo egunean mintzatu zen Gipuzkoako ahaldun nagusia, tinko, urte politikoari buruzko agerraldi publikoan, bestelako jarrera bat azalduz.

Bere alderdiaren posizio ofizialarekin ere koherentea da Olanoren jarrera. EAJk 2016ko otsailean egin zuen VII. Batzar Nagusia, Iruñean, eta han onartu zuten Batasuna eta Indarra txosten politikoa. Esaten dira gauza garrantzitsuak: «Autogobernuaren narriatze eta baliogabetzea [...] arazo orokor hau ez da soilik Euskadik eskuduntza gehiago edo gutxiago izan behar ote dituen ezartzea», dio txostenak, diagnostiko bat eginda, eta, kudeaketa politikoan gatazketarako Aldebiko Batzordea eskatzeaz gain, erabakitzeko eskubidearen «instituzionalizazioa» eta «Euzkadi» nazioaren aitortza aldarrikatzen ditu, EAEko 2004ko estatutu egitasmoa eta Loiolako aurrekoardioa «oinarri» hartuta. Eta: «Ezinbesteko gertatzen da Euskal Herria subjektu politikoan eta erabakitzeko duen eskubidean sinesten duten indar politikoek estrategia bat partekatzea zoru etiko-demokratiko batean, gutxieneko helburu batzuetan eta erritmoetan oinarrituta».

Logika horretan da EAJ-EH Bildu akordioa, horrek burujabetza prozesurik bermatzen ez duen arren —osagai gehiago behar—.

Gutxitan, baina lehen ere ikusita gaude EAJ-ezker abertzalea akordioaren pelikula. Baten alde bukatu izan da; bestearen akatsengatik eta kanpo babesengatik, ez hainbeste bere merituengatik. Kontua da orain arteko galtzaileak bere kabuz nekez hautsiko duela estatusaren oinarrien oraingo film hau. Besteak, ikusiko.

Jokoan dago sinesgarritasuna, oraindik ezer sinesgarririk baldin bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.