Pazientzia estrategikoaren irakaspenak

gurutze izagirre intxauspe
2024ko urtarrilaren 18a
05:05
Entzun

Ezker abertzaleko eledunen artean maiz entzuten den terminoa da pazientzia estrategikoarena. Barne hartzen du uste sendo batzuk izatea, bidean sor litezkeen oztopoei aurre egiteko borondatea izatea, eta aurre egitea deseroso sentiaraztea eragin dezaketen egoerei, uste sendoa izanda hautatutako bidea izan dela egokiena. Eta denborak arrazoi eman die.

2009koak ez ziren garai samurrak. Ezker abertzalearen kontrako polizia operazioetan beste katebegi baten gisan irakurri zen ezker abertzaleko hamar pertsona atxilotuta eraman zituzten polizia operazioa. Lehen operazioa 1997an izan zen, orduko Mahai Nazionala atxilotuta. Geroztik sarekada ugari egin zituzten, alderdi politiko bateko dozenaka atxilotu eramanez. Legez kanporatzeen aroa ere igaro zen. Bien bitartean, baina, batzuk sukalde lan irmoan ari ziren, eta, Bateragune auzikoak espetxeratu eta egun batzuetara, 2009ko urrian, bide politiko eta demokratiko soilen aldeko apustuari ekin zion ezker abertzaleak, ETAri jarduera armatua uzteko eskatuta.

ETAren azken ekintza 2010eko martxoan izan zen. Jean Serge Nerin Frantziako Polizia hil zuen tiroketa batean, ustez etakideak auto bat lapurtzen ari zirela Polizia jazartzen ari zitzaienean. 2011ko urtarrilean su eten orokor, iraunkor eta egiaztagarria iragarri zuen ETAk. Bateragune auzikoak kartzelan zeuden aldi hartan.

Ezker abertzaleak Sortu alderdia aurkeztu zuten 2011ko otsailean, estatutuetan beren-beregi aipatuz alderdi politikoak bide politiko eta demokratiko hutsekiko konpromiso irmo eta argia. Orduko Aralar, EA eta Alternatibarekin aurkeztu ziren 2015ean lehendabizikoz hauteskundeetara EH Bilduren izenean. 2023ko udal eta foru hauteskundeetan indar bozkatuena izan da, 345.000 bozekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.