Senatuak indargabetu egin zuen, 2021eko apirilaren 14an, Zigor Kodeko 315.3 artikulua. Bazen garaia. Langileak ez dira kriminalizatuak izango greba eskubidea erabiltzeagatik, eta ez diete kartzela zigorrei aurre egin beharko pikete informatibo batean parte hartzeagatik.
Martxoan hasi zen bidea. Kongresuak ontzat jo zuen Zigor Kodeko 315.3 artikulua indargabetzeko Lege Organikoaren Proposamena; eskuinekoak kontra azaldu ziren, muturrekoak eta ez hain muturrekoak. PPk, Ciudadanosek, Voxek, UPNk eta Foro de Asturiasek aurkako botoa eman zuten. Coalicion Canaria, PRC eta EAJ abstenitu egin ziren, eta EAJk, gainera, proposamen bat egin zuen, non espetxe zigorrari eusten baitzion.
Sinbolikoa da greba eskubidea deskriminalizatzeko prozesua martxoan abiatu izana: Euskal Herriko langile klasearen aurkako atentaturik handienetako bat egin zen hilabetean, hain justu. Greban zeuden langile batzuen aurkakoa izan zen. 1976ko martxoaren 3an, Pedro Maria Martinez, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda zitalki erail zituzten, Gasteizko Frantzisko Asiskoaren parrokian, langileak biltzar bat egiten ari zirela. Greba batean parte hartzen ari zirelako kendu zieten bizia, Arabako eraikuntza sektorerako lan baldintza hobeak eskatzen ari zirela. Gasteizko sarraskiak gogor jo zituen langileak: aurrerantzean joak eta zapalduak ez izatea besterik ez zuten eskatzen, hain zuzen. Ez zuten inoiz inor kondenatu bost pertsona haiek hiltzeagatik.
45 urte pasatu diren honetan, greba oraindik ere bada langileek aldarrikapenak egiteko eta borrokatzeko duten tresna. Ia mende erdi igarota, martxoan, Euskal Herriko langileek orain ere eskubide hori erabiltzen dute beren lanpostuak salbatzeko eta lan eskubideak babesteko. Elkartasuna adore faltari gailentzen zaion greba horien lurrinak badirau oraindik Euskadin.
Auzitegi Konstituzionalak dioen bezala, greba eskubidearen parte ezinbestekoa dira pikete informatiboak, «gainerako langileak grebarekin bat egin dezaten konbentzitzeko, informazioa emateko, propaganda egiteko edo lanean segitzea erabaki dutenei asmoa aldarazteko funtzioa» dutenak. Horregatik, onartezina da inor espetxeratzea haietan parte hartzeagatik.
Batzuek II. Errepublikaren 90. urteurrena ospatu genuen egun berean, gure eskubideak defendatzen dituzten eta piketeetan parte hartzen duten langileek utzi egin zioten kriminalizatuak izateari.
Deskriminalizazioaren bide horretan pausoak ematen segituko dugu mozal legea bertan behera uztea lortu arte? Greba ez baita delitua, eta adierazpen askatasuna ere ez.
Koronabirusa. EKONOMIA PENTSALDIAN
Pausoak ematen segituko dugu deskriminalizazioaren bide honetan?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu