Parranda egitea, edo parranda egin nahia defendatze hutsa fribolokeria eta berekoikeria kontsideratzen den garai hauetan, parrandaren alde idazten saiatuko naiz. Badakit zaila dela neure buruari jarritako erronka; izan ere, ez da erraza demagogian ez erortzea, askatasun eslogan ayusotarrak ez eskapatzea edo norberaren alkoholismoa agerian ez uztea, baina saiatuko naiz.
Dagoeneko onartu dezakegu hiritarron gehiengoa sinetsita gaudela kutsatzeen agerraldi guztiak tabernek edo kale zurrutean ziharduten gazte kuadrillek ekarri zizkigutela (bai, lehenaldian idazten duen optimista zikin bat naiz). Astelehenero, oraindik ere, goizeko programetan minutu luzeak eskaintzen dizkiete, asteburuan polizia informeak errepasatu eta «festa ilegalak» zenbatzeari. Errudunak seinalatzeari. Hartutako trago bakoitzak beteko dituen ZIUak kalkulatzeari.
Eta bai, izan dira makrojaiak, raveak, Soleko plaza, giri mozkorrak. Ez da nire helburua hori ukatzea eta are gutxiago hori defendatzea. Beraz, linbo hipotetiko batetik jardungo dut, ez jaia egin dutenen (dugunon) ekintza hori defendatzetik, baizik jaia nahi dutela (dugula) esaten duten horietatik.
Jaia politikarako eta eraldaketarako espazioa dela ez dut nik asmatu. Festa, dena delakoa izanda ere, gure gizartearen parte garrantzitsu bat da. Aukera handiko espazio bat talde kohesiorako, sozializaziorako eta harremanetarako. Guztia, guk nahi ala ez, onera edo txarrera, karga sinboliko eta politikoz betea. Borrokarako, aldarrikapenerako, eraldaketarako... leku ere bai. Badakigu, parranda ez dela sekula parranda hutsa izan herri honetan. Beraz, ez da justua gazteen txupito-grinari bakarrik deitzea festa; izan ere, gizarteko maila, adin, klase, jatorri, sinismen guztietan egiten baititugu bakoitzak bere parrandak.
Festa nahi izatea ez da gauza fribolo bat urte eta piko luze doan garai hauetan. Festa nahi izatea dantzatzeko beharra izatea izan daiteke, izerdi artean kolpatzekoa, musika altu entzun nahi izatekoa, zapi bat lepora lotu eta kaleak hartzekoa, espazio askeak sortzekoa, edozer ospatzekoa, lagunei maite dituzula testuingururik gabe behin eta berriz esatekoa, txaranga baten atzean besotik helduta joatekoa, bazkari ederrak egitekoa, jende berria ezagutzekoa, ligatzekoa, zurekin zerbait konpartitzen duten horiekin komunitatea sortzekoa, eta noski, mozkortu eta drogatzekoa. Eta noski, jakitun naiz hau guztia ez dela oinarrizko eskubide bat, akabo ba, baina horrek ez du esan nahi beharrezkoa ez den zerbait ez denik, eta, bere funtziorik betetzen ez duenik. Beraz, lasai antsia dezagun denok nork bere parranda.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN
Parrandaren alde
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu