enekoitz esnaola
Koronabirusa. ANALISIA

Parametroak

2020ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
COVID-19aren krisia dela-eta martxoaren 16ko bileran Urkullu lehendakariak eta Equo Berdeak, PP, PSE-EE, Elkarrekin Podemos, EH Bildu eta EAJ talde politikoek Eusko Legebiltzarrerako apirileko hauteskundeak atzeratzea adostu zutenean, zera zioen ohar bateratuko hirugarren eta azkeneko puntuak: «Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen deialdia Osasun Larrialdiaren adierazpena kendu ondoren aktibatuko da. Berehala egingo da, alderdi politikoei entzun ondoren, eta Lehendakariaren dekretu bidez». Urkulluk otsailaren 10ean esan zuen bozetara deituko zuela, eta, tramiteen ondotik, hauteskunde prozesuko legeak agindutako 54. eguneko epearen bukaera apirilaren 5ean egokitzen zen. Baina, gero, pandemiak eragotzi egiten zuen orduan egitea, eta martxoko bilera hartan adostu zuten apirileko bozen deialdia indargabetzea. Lehendakariak apirilaren 24an gaur batzartzeko ordua jarri zien taldeei, Osasun Larrialdiaren adierazpena eta «hauteskundeetara hiru hilabeteko epean deitzeko aukera aztertzeko». «Abuztua baino lehen» egin beharko lirateke, orduan azaldu zuenez; uztailean, alegia. Uztailaren 12rako deitu nahi baditu, deialdiaren dekretua beranduenez datorren astelehenean sinatu behar luke, hurrengo egunean agertzeko EAEko aldizkari ofizialean. Izan ere, maiatzak 19 + 54 egun = uztailak 12. Eta, aurretik, lehendakariak berak kendu beharra luke osasun larrialdia.

Espainiako Estatuko alarma egoera ere hartu behar da aintzat, martxoko oharreko lehen puntuak aipatu baitzuen: «Osasun Larrialdiaren adierazpenarekin eta Alarma Egoeran ezingo dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egin (…)». Alarma egoera, gutxienez, maiatzaren 24ra arte egongo da. Orduan bukatuko balitz, hauteskundeak uztailaren 19rako jartzeko deialdiaren dekretua maiatzaren 25erako sinatu beharko luke Urkulluk. Baina ez da segurua hamar egun barru amaituko denik alarma egoera. Dena dela, duela astebete haren luzapenaren negoziazioan ikusi zen EAJk sartu zuela hauteskundeen auzia lapikoan, eta atera zuela zukua, Espainiako Gobernuak agindu baitu, bozketa garairik zehazteke, lagunduko duela berme juridiko guztiekin egin daitezen —haren esku daude errolda, posta bidezko botoa eta atzerriko botoaren kontrola—.

Justifikazioa

Halaber, Urkulluk-Sabin Etxeak joan den astean lortu zuten konfinamendu arintzearen 0 fasetik 1.era pasatzeko orduan Madrilek EAE hartzea esparru gisa, eta ez herrialdeak. Deia-k larunbatean zekarren Sanchezek eta Urkulluk hitzartu zutela hori. Jaurlaritzak egun berean neurri murriztaile batzuk iragarri zituen, 0 fasekoak. Gutxienez, erkidegoko lurralde batek 1. fasera igarotzeko parametroak betetzen ez dituen zalantza geratu da, edo duda baino gehiago. Baina, politikoki, konplikatua litzateke EAE edo lurralde bat ofizialki 0 fasean geratu etaosasun larrialdia indargabetzea lehendakariak bozetara deitzeko.

Kultura eta aisialdiko ekinbideetako irizpideekin eta eskoletarako itzulerarekin gertatu denak ere ematen du zer pentsatua. Ikusi da Jaurlaritzak irizpideak ez zituela aski hitz eginak edo landuak eragile nagusiekin. Neurri komunak planteatu ditu, baina azkeneko erabakia haiengan utzi izanak kezka eragin du. Kulturaren, festen eta aisialdiaren kasuan, EH Bilduren esku dauden udalen alkateek ez ezik, EAJko eta PSEkoenek ere —Jaurlaritzako bi taldeak— exijitu dituzte berme handiagoak; eskolenean, sindikatu guztiek protesta egiteaz gain, ikastetxe askok iragarri dute ez direla astelehenean hasiko klaseekin.

Osasuna oinarritzat hartuz, «normaltasun berri baterako trantsizio ordenatu bat» nahi du Jaurlaritzak. Trantsizio batean sartu behar al dira hauteskundeak? Urkulluk uztailean nahi baldin baditu, aipatutako neurri horiekin guztiekin-eta justifikatu nahi edo behar al du osasun larrialdiaren desaktibazioa?

Hori guztia, apirilaren 5erako hauteskundeen deialditik kutsatuta bezala dator, lehendakariaren otsailaren 10eko agerralditik. Igarle rolean mintzatzeaz gain, bazirudien gehiago ari zela hizketan alderdi baten lehendakarigai moduan: «Apirilaren 5etik aurrera etapa berri bat hasiko da. Horrek aukera emango digu Jaurlaritzaren programa eta kudeaketa eratu diren udal eta aldundiekin, abian jarri berri den Espainiako Gobernuarekin eta, era berean, Europan hasitako etapa berriarekin lerrokatzeko». 2012ko abendutik da lehendakari Urkullu, eta haren Jaurlaritzak legebiltzarrean sekula ez du izan gehiengo osoa. Ikusiko zuen EAJ-PSEk datozen hauteskundeetan gehiengo osoa lortzeko aukera, eta bozetara deitu zuen otsailean, nahiz eta, legealdi osoa beteta, irailean edo urrian egitea tokatu.

«Hauteskunde giroa nagusitzen ari da» ere adierazi zuen orduan, justu estatuko lau urteko hauteskunde zikloa eta ezegonkortasun instituzionala bukatu zirenean, eta Jaurlaritzak berak 2020ko aurrekontuak EPren sostenguarekin atera zituenean. Krisi egoera larri honetan klase politikoan pedagogia handirik ez legoke Euskal Herriaren mendebaldean jada kanpainaurrea balego.

Gaur izango dute bilera Urkulluk eta taldeek hauteskundeez. Jarduneko lehendakariak «entzun» egingo die, martxoaren 16ko ohar bateratuko hirugarren eta azkeneko puntuak zioen bezala. Gauza asko pasatu da martxotik. Berriki ,Jose Antonio Zarzalejos kazetariak idatzi du EAJ, «alderdi enpresariala» eta «ideologia aldetik» Arzalluz eta Ibarretxeren garaikoa baino «neutroagoa» izateaz gain, «errealista» dela «mugimenduak egiteko orduan», eta «arrakastazko kontakizun baten protagonista». Ez dirudi EAJ parametro horiek denak betetzen dabilenik.

Ikusiko gaur zer.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.