gotzon hermosilla
'Cabacas auzia'. Epaia. ANALISIA

Pagaburua

2018ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Iñigo Cabacasen abokatuak epaiketan esana da, eta Basauriko gaztearen guraso, senide eta lagunek egun batzuk geroago berretsia: euskal gizarteak ez luke onartuko zigorrik ez dakarren epairik. Eta mundu guztiak zekien arrazoi osoa zutela. Beharbada horregatik, epaia denek espero baino askoz arinago heldu da, eta zigorra ekarri du. Baina, kasualitatez, ertzain bakarra da zigortua; kasualitatez, operazioa kritikatu zuen ertzain bakarra zigortu dute; eta, kasualitatez, epaiak ez du ondorio praktikorik izango, kartzela zigorra bi urtekoa izanik zigortuak ez baitu espetxerik zapaldu beharko, eta inhabilitazioak ere ezer gutxirako balioko duelako, ertzaina dagoeneko erretiratuta baitago. Kasualitate gehiegi, zigor bakar horrekin pagaburu bat topatu nahi izan dutela ez pentsatzeko.

Zigorraren mehatxutik libratu diren ertzainak eta haien abokatuak kenduta, inor gutxi egongo da pozik epaiarekin. Cabacasen lagun eta senideek gaur egingo dute balorazioa, eta arrazoiak badituzte minduta eta irainduta sentitzeko. Baina Ertzaintzarentzat eta haren arduradun politikoentzat —gaurkoentzat eta Cabacas hil zutenean agintean zeudenentzat—, epaia mailukada da. Helburua baldin bazen itxurak egitea eta akusatutako ertzainak onik irtetea, helburua bete dutela esan daiteke. Xedea baldin bazen Ertzaintzaren irudia garbitzea eta herritarrek galdutako konfiantza berreskuratzea, ondorioa guztiz kontrakoa da.

Epaia mintzo da ikerketa egiteko gutxieneko neurriak hartzen ez dituen Polizia batez; frogak desagerrarazten dituen Polizia batez, Cabacasen heriotzaren egilea nor izan zen zehaztea «ezinezko» bilakatzeraino; euren deklarazioetan gezurra esan duten ertzainez, «espiritu korporatiboz eta ardurak saihesteko asmoz» aritzen direnez; inolako justifikaziorik ez zuen oldarraldi «neurrigabe eta bidegabeaz»; epaiak argi eta ozen dio gezurra zela «objektuen jaurtiketa masiboaren» kontu hori. Eta kalezulora iritsita, ertzainek ezer larririk ez zela gertatzen ari ikusi zutelarik, operazioa amaitutzat eman behar zela. Zergatik ez zuten amaitutzat eman azaltzen ez badu ere.

Epaiketa honekin, eta horren ondorioz iritsi den epaiarekin, justizia egiteko aukera alferrik galdu da. Eta hori bezain garrantzitsua dena: polizia ereduaz presazkoa den eztabaida sozialari ekiteko aukera ere alferrik galtzen ari dela dirudi. Defentsako abokatuetako batek esan zuen epaiketaren azken saioan hura ez zela polizia ereduaz berba egiteko unea. Alderantziz: epaiketak gako ugari eskaini du, gertatutakoa zergatik gertatu zen hobeto ulertzeko ez ezik, eztabaida horri heltzeko ere. Grabazioetan borrokez hitz egiten dutenean ertzainek erakusten duten mespretxua, herriko taberna inguruak etsai eremua zirela zioen ertzaina, akusatu baten adierazpenak —«gure belaunaldikoak behintzat, Arkautiko akademiatik atera gara kaskoarekin, txapelarekin baino gehiago»—...; horiek guztiek justifikazioa ez, baina azalpena izan dezakete gatazka gordineko testuinguru batean; gaur egun, urgentziaz zuzendu beharreko jokabideak dira.

Zoritxarrez, ez du ematen Jaurlaritzako Segurtasun Saileko arduradun politikoak eta Ertzaintzaren sindikatuak eztabaida horri heltzeko gogoz daudenik. Baina Cabacas auziko epaian esaten diren batzuk oso larriak dira, eta ezinbestean oratu beharko diote horri, beste alde batera begiratu beharrean; auzi honetatik Ertzaintzaren irudia are lohituagoa ateratzerik nahi ez badute, behintzat.

Sei akusatuetatik bakarra zigortu dute 'Cabacas auziko' epaian

Epaiaren lehen erreakzioak, sarean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.