Pablo Iglesiasek bi aldiz adierazi du aste honetan —hauteskunde kanpainan, beraz— Podemos prest dagoela EH Bildurekin ere itunak egiteko erakundeetan. Espainiako bi hedabidetan esan du: A3 telebistan astelehenean, eta Radio Nacionalen atzo; bietan, prime time garaian. Esperoko zuen moduan, berri agentziek, adierazpen haiek jaso, eta zabaldu egin zituzten. Baldintza bat jarri du Podemoseko buruak EH Bildurekin itunak egiteko: «Terrorismoaren gaitzespena».
Betetzen da baldintza hori. Sortu da EH Bildu koalizioko alderdi nagusia, eta, bere estatutuetan (2011-02), «ekintza terrorista oro» arbuiatzen du. Konstituzionalak legezko alderditzat jo zuen. Sorturen estatutuetako pasarte batzuk: «[Sortun] Eragotzi egin nahi da indarkeria erabiltzen duten erakundeak eta indarkeriarekin bat zetozelako legez kanpo utzitako eta desegindako alderdi politikoak proiektuaz baliatzea»; «borondatea eta nahia azaltzen dugu: edozein motatako indarkeria behin betiko eta guztiz desagertzeko, ETA erakundearena bereziki»; «gure proiektu politiko eta antolatzailearen estrategia independentista eta sozialistan ez dago lekurik inolako indarkeriazko ekintzatarako, ez eta osagarri eta sostengu politiko gisa baliagarri izango zaizkion jokaeretarako ere»; «[Sortuk] indarkeria arbuiatuko du bere ekintza garatzeko. Arbuio horren barnean dago ETA erakundea»; «alderdi berriko ordezkariek, militanteek eta kargudun organiko eta instituzionalek: irmo eta argi arbuiatuko dute ekintza indarkeriazko eta terrorista oro, bai eta horien egileak ere; arbuiatu egingo dituzte ekintza terroristak sustatzen, babesten edo zilegi dituztenak, eta, modu argi eta garbian, horien edozein justifikazio kontzeptual eta defentsa ideologikoren kontra egingo dute; arbuiatu egingo dute indarkeriarekin eta eraketa eta tresna politikoekin elkar hartzea, politikoki nahiz antolakuntzaren ikuspegitik».
Koaliziokide EAk, Aralarrek eta Alternatibak ere indarkeria irmo errefusatzen dutenez —eta, gainera, dagoeneko ETAren jarduera armaturik ez denez—, Podemos Ahal Dugu-k EH Bildurekin itunak egin ditzake hauteskunde hauen ondoren Nafarroan, Gipuzkoan...
«Eskubide sozialak» ere hartu zituen Iglesiasek itunetarako ardatz nagusitzat A3ko elkarrizketan. Atzo, Radio Nacionalen esan zuen ez dituela kinielak gustuko akordioak egiteko, «baizik eta programak». Politika sozialetan eta, oro har, programan, EH Bildu, Irabazi eta Ezkerra ditu haren alderdiak gertuen Euskal Herrian. Beraz, horregatik ere Podemos Ahal Dugu-k itunak egin ditzake EH Bildurekin hauteskunde hauen ondoren Nafarroan, Gipuzkoan... Horri gehitu biak talde berean daudela Bruselan.
Europako duela urtebeteko bozetatik aurrera, Podemosek dena karta batera jokatu du, Moncloa buruan izanda. Zuzendaritza nagusian eta Euskal Herrian batik bat EAEkoan, «kalterako» jo izan dute EH Bildurekin itunak egitea. Zergatik dio orain Iglesiasek prest dagoela?
EH Bilduk ere «aldaketa politiko eta soziala» du helburu; baina «hori ez da egun batetik bestera egingo», baizik eta «pausoz pauso eta herriz herri». Gehiengo zabalagoak beharko dituela uste du; Podemosek beharko dituen bezala. Noiztik, hori da galdera.
Udal eta foru hauteskundeak. LERRO ARTEAN
Pablo Iglesiasen bi baldintzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu