Marian Iriarte.
ARGI ALDIAN

Oxihidrogenoa

2016ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Nahikoa aztoratuta gabiltza azken aste hauetan gure gaztetxoek zientziaren inguruan daukaten jakituriaz eztabaidatzen, edo irakurritako testuak zenbateraino ulertzen dituzten argitzen. Lasai, ez dut ditxosozko dorrearen herriaren izena aipatuko. Beste zerbait etorri zait burura. Zientzialariok elkarri ulertzeko zerbait argi baldin badaukagu zera da: kontzeptuak argi eta garbi definitzeko eta zehazteko beharra. Eta hori horrela, hara non aurkitu dudan egunkari batean izen potolo bat: orto-oxihidrogenoa. Dakizuenez, kimikaria naiz, eta kimikariok ongi ikasi ohi dugun gauzetako bat nomenklatura kimikoa da, hots, substantzia bakoitzak bere izena du, eta izen horiek logikoak dira, hau da, era batean edo bestean substantzia hori osatzen duten elementuei buruzko informazioa ematen du (zein elementu, zein kantitatetan...), nahiz eta substantzia arrunt askok bestelako izen tradizionalak izan oraindik ere. Aipaturiko izen bitxi horrek — orto-oxihidrogenoa, hain zuzen ere— autoetako karburagailuak garbitzeko substantzia magikoa behar du izan. Orto; matematikan ari baldin bagara, aurrizki horren esanahia zuzena, elkarzuta izan daiteke; kimikan berriz, batzuetan substantzia batek duen hidrogeno/oxigeno kantitatea azal dezake (azido ortofosforikoa...). Eta oxihidrogenoa? Oxigenoa eta hidrogenoa konbinatu eta molekula bat ematen dutenean, arruntena ura da (bi atomo hidrogeno eta oxigeno atomo bat); baina badira beste aukera batzuk, adibidez bi atomo hidrogeno eta bi atomo oxigeno elkartzen direnean (hidrogeno peroxidoa, edo guztiontzat hain arrunta den ur oxigenatua). Beraz, zer da aipatzen den substantzia bitxi hori? Egia esatea nahi baduzue, ez dakit oso ziur, eta hori ez da gauza ona. Gauza bakoitzak bere izena dauka, eta izen bakoitzak zerbait adierazten du. Baina askotan zertaz ari garen, edo gure gaiari garrantzi handiagoa eman nahian edo, horrelako hitz potoloak asmatzen ditugu. Adibidez, arropa garbitzeko garbigarriak oxigeno aktiboa baldin badu, arropa garbiagoa lortuko dugu (zer da oxigeno aktiboa? Beharbada horrek ematen dio mirari kutsua).

Gure gaztetxoek testu bat irakurritakoan zer ulertu duten neurtzen saiatzen dira ebaluazio-sistema asko. Neurtzen ez dena ezin baita hobetu, batzuek diotenez. Baina ez dezagun norabidea galdu, erraza baita horrelako diagnostikoetan emaitza onak lortzeko aurretik ikasleak horretarako trebatzea, eta ez dut uste hori denik irakaskuntzaren helburua, azterketa jakin batzuk ongi gainditzen ikastea. Eta gero, gure eguneroko bizitzan inork ongi ulertzen ez dituen terminoak erabiltzen ditugu erruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.