Gaur erabakitzeko eskubidea gure esku dagoela esaten ari diren herrien artean bada kostaldeko Otoiopean den Ispaster. Landa herri txikia, euskalduna bere bazter guztietan, eta erdian ere. 700 bat biztanle. Kokatze aldera, eta sentsibilitate politikoei erreparatuz gero, ohiko biak halako herrietan: batak eta besteak. Iraganak eta siglen zamak tenkatutako sokaren mutur biak. Gure Esku Dago ekimenak, gurean behintzat, atea zabaldu du politika bera, eta sentsibilitateak berak ere, bestelako betaurrekoekin, graduatuekin, ikusten hasteko. Erraza ez bada ere, zamak zama. Atea zabaldu eta, nik esperoa da behinik behin, egunerokoan sokaren erdirantz mugitu eta hortik elkarrekin tiratzeko aukerak izatea, herri txiki bateko bizimoduan, gauza txiki gehienetan esango nuke nik, ez baita arrazoi handirik adostasunean ez aritzeko, siglen gainetik, eta zinegotzi banaketa gainetik ere. Hor bada zer bide ibili, ganorazko kultura sozio-politikoak txiki-munduei gailendu arte.
Nik neure herrian bizi izan dudana irakasgai polita izan da, guztiontzat ikasgai izan beharko lukeena. Hortaz, Ispaster salbuespena dela esango nuke, alde biek egindako apustuari eta hartutako ardurari begira; zer ikusirik ez inguruko hainbat herritan gaur gaurkoz denarekin. Siglen gainetik pertsonak badiren seinale; faktore bio-politikoaz nago, auzolanerako balioan jarri beharrekoa. Gauza txikiek egiten dituzte goiko aldaketak handi. Eta gaurkoa handia da Ispaster txiki honetan, bertoko gehienontzat.
Ekainak 5 dituen gaurkoa sekuentzia luze baten geltoki zehatza da. Esana dute beste herri batzuetakoek ere honainoko helbidea bera dela inportanteagoa gaueko argazki finkoa baino. Hainbat orma arrakalatu, hartu-emanak landu, koskak kamustu, auzolana zabaldu, mezua atez ate eroan, konplizitateak ehundu … irabazitako emari sozial hau aktibo mantendu behar da. Hortaz, Ekainak 7 izango dituen biharkoan ez dadila gertatu bidaia honen bidaideek ehundutakoa amaitutzat eman eta ohiko mataza nahasira bueltatzea, Gure Esku Dago ekimen hau botoen kontaketarekin bukatuko balitz bezala. Tristea izango zen, batzuk lekuan lekuko kultura sozio-politikoan innobazioa egiteko prest ez dauden seinale.
Ez zait burutik pasatzen bihar Euskal Estatu burujabe bateko herritarra izan non landa-herrietako egunerokoan atzoko zamen gatibu segitzen dugun arauz, matazatuta, goitik etorri litekeen nazio-ekimenen baterako utzita adostasun eta auzolanaren salbuespena. Tristea gero! Jarri dezagun balioan oraingo ibilbideak emana. Sozializatu dezagun politikaren kultura. Izan gaitezen Herrigintzan eragile, desadostasunak berak ere bideratzen ikasita. Gure esku dago, hori ere bai.
Estatus politikoari buruzko galdeketak. Iritziak. ISPASTER
Otoiopetik burutazioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu