Maitane Nerekan Umaran.
Koronabirusa. PENTSALDIAN

Osasuna al da gaitza?

2022ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Zer da osasuna? Hona hemen urte berrirako hausnarketarako galdera. Bada ordua hezkuntzatik eztabaida horri lasaitasunez eta ausardiaz heldu diezaiogun. Zein garrantzi ematen diogu osasunari hezkuntzan? Zer da osasun hezkuntza? Eta hezkuntza osasuntsua? Nolakoa da ikasle eta irakasle osasuntsua? Zer jakin beharko luke ikasle batek bere osasunaren autogestioaz derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan? Ikasleen osasun integralaren kontrako praktikak al ditugu? Osasunaren izenean baldintzatu al daiteke hezkuntza? Eta hezkuntzaren izenean osasuna? Beharrezkoak al dira osasun profesionalak ikastetxeetan?

Laster izango dira bi urte osasunaren izenean, protokolo kolpez, hamarnaka neurri ezarri zituztela Euskal Herriko ikastetxeetan. Musukoak, distantziak, espazioak erabiltzeko araudi berriak, ordutegi aldaketak, gelak ixtea, on-line ikaskuntza, bakartzeak... tamainako elementuak ikastetxeetan lan egiten dugunon praktikan sartu dira, hausnarketa tarterik izan gabe. Horiek zalantzan jartzea mespretxuz edo «negazionista» irainez epaitua izan da, hezkuntza eremuan gizartean bezala. Osasunaren izenean bada dena onartu behar dugula azaldu zaigu langile, familia zein ikasleei. Baina zalantzan jarri ezin daitekeen ezer osasuntsua izan al daiteke? Zientziaren arrazoiaz hitz egiten dugunean zertaz ari gara? Denise Najmanovich zientzialari eta epistemologo argentinarrak hau dio: «Objektibotasunaz hitz egiten duena obedientzia eskatzen ari da». Zer pentsatua ematen du esaldiak.

Esango nuke, hezkuntza legeak eta bestelako neurri estrukturalak diseinatzean, ez zaiola ume zein gazteen osasunari arduraz begiratu orain arte. Ikustea besterik ez dago buru zein gorputz oreka lortze bidean oztopo diren zenbat elementu normalduta ditugun hezkuntza espazioetan: ordu piloa ezeroso diren aulkietan eserita egotera behartzen ditugu, institutuetan 15:00etatik aurrera luzatzen diren ordutegiak daude otordu osasuntsua egiteko tarterik gabe, transgenikoz eta aurrefabrikatuz gainezka daude jantokietako menuak, osasun emozionala kudeatzeko espaziorik ez diegu ematen ikastetxeetan, sexu eta plazer hezkuntza programa sendorik ez dago, norberaren gorputzaren ezagutzaz eta osasunaren autogestioaz ezer gutxi irakasten diegu... Zer esanik ez aniztasun funtzionala duten ikasleen edo gorputz disidenteen kasuan; horientzako hezkuntza espazio formalak gudu-zelai dira gehiegitan. Salbuespenak salbuespen betiere, praktika desobedienteki sanoak ere badirelako profesionalen aldetik han-hemenka.

Ez gaude 2020ko martxoan, egutegiak 2022ko urtarrilaren 5a seinalatzen du gaurkoan. Hezkuntza komunitatea osatzen dugunok ez gaude orain urte bi bezala; neurriak jasateko ez gaude orduan bezain sendo. Bi urte hauetan bizi izandakoaren lagin txiki bat: ikasleen buru-osasun arazoak jakinarazten dizkiguten hamarnaka e-posta, ikasle «kutsatzaileen» beldur diren irakasleak, «on-line ikaskuntza» jarraitzeko baliabiderik ez duten familiak, krisi etengabean eta lan karga ikaragarriaz dauden zuzendaritza taldeak... Ez dezagun osasunaren izenean kalitatezko hezkuntza akatu. Inork ez du esan erronka erraza denik, are gutxiago orain. Hel diezaiogun. Sano bizi, sano hezi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.