O
OPA
Osakidetzaren aldeko herri ituna adosteko bileretan denetariko eragileak egongo dira, baina OPA Osasun Publikoaren Aldeko Plataforma Herritarrak koordinakundeak salatu du ez dutela gonbidatu. Koordinakunde horren parte dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri eta auzo gehienetan antolatzen diren herritarrak, osasun zentroen aurrean beren aldarriak plazaratzen dituztenak. Haien aldarrikapen nagusi bat zera da, osasun arloko erabakietan herritarren parte hartze aktiboa indartzea. Posible al da herri itun bat herri plataformen —herritarren— sinadurarik gabe?
S
Solasa
Solasa ezinbestekoa da osasun arloko denetariko eragileak bat etortzeko. Gehienei mahai baten bueltan esertzera dei egin izanak elkarrizketarako borondatea erakuts dezake. Bakoitzak bere aldarrikapenak, lehentasunak eta interesak ditu, eta, batez ere, gaitasunak. Ikusiko da emaitzetan. Ez du lan makala Javier Meanak, elkarrizketen koordinatzaileak.
A
Aldaketa
Osasun arloko ituneko mahaia osatzen dutenak gauza batek batzen ditu behintzat: Osakidetzak arazoak dituela uste dute. Zeintzuk diren, zenbaterainokoak, eta, are, nola konpondu behar diren, hor ez datoz denak bat. Iñigo Urkulluk lehendakari moduan egin zuen azken ekitaldia Arrasateko ospitalean egin zuen, eta nabarmendu zuen Osakidetzari egindako kritikek ez zutela justifikaziorik. Kontrara, egiturazko erreformak martxan jartzea «beharrezkoa» dela dio Imanol Pradales buru duen Jaurlaritzak egindako txostenak.
K
Koronabirusa
Koronabirusaz gauza asko esan daitezke, baita pandemiaren kudeaketaz ere. Jaurlaritzaren diagnostikoa hau da: «Aldaketa sistemiko bat gabe, kronikoki gainkargatuta dagoen eta erantzuteko gaitasun mugatua duen sistema bat behartuta egongo da ohiko krisien aurrean erreakzionatzera. Horren ondorioa zerbitzuen kaltetze jarraitu bat izango da, COVID-19aren pandemian gertatu den moduan». Ez da gutxi.
I
Ituna
Osasun arloko itun bat egingo dute; hori da asmoa, behintzat. Prozesua bera berritasun bat da, baina emaitza zein izango da? Baliteke osasun arloko eragile guztiek sinatutako agiri bat egotea. Martxoan, hori gertatzean —gertatzen bada—, zeregin bat izango du Jaurlaritzak: berehala nabaritu ahalko diren neurriak martxan jartzea. Luzera begirako asmoek eragina izan behar dute epe laburrean eta ertainean ere.
D
Denena
Osasun sistema publikoaren unibertsaltasuna bermatzea lehenetsi du Jaurlaritzak: herritar guztiek osasun zerbitzuak jasotzeko aukera bermatzea, edozein dela ere haien egoera sozioekonomikoa eta bizitokia. Printzipio unibertsal hori defendatzen dute osasun arloko eragile guztiek, eta horregatik salatzen dute hainbat zerbitzu pribatizatu izana. Mahai gainera eramango dute hainbat eragilek, eta Jaurlaritzaren posizioa ikusteko dago.
E
Euskara
Lehen bilera egin zuten atzo, eta gehiago etorriko dira. Bizkaia aretoko ate ondoan belarria jarrita, zer hizkuntzatan aritu dira mahaikideak? Osasun sailburuak, esaterako, ez daki euskaraz. Baliteke mahai horretako euskaldunek erdaraz egin behar izatea. Hori gertatzen da oraindik ospitaleetan eta osasun zentroetan. Euskalgintzaren Kontseiluak salatu du Osakidetza euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzetik urrun dagoela. Zer leku du euskarak Osakidetzaren aldeko herri ituna lortzeko prozesuan?
T
Tratamendua
Osakidetzarekin egingo duten moduan egin ohi dute sendagileek: gaixorik dagoen pertsonari diagnostiko bat egin, eta tratamendu bat ezarri hori konpontzeko. Hala ere, ikuspegi proaktiboago, prebentiboago eta komunitarioago bat martxan jartzea proposatu du Jaurlaritzak, eta hala defendatu izan dute lehen arretako langile askok. Horrekin lotuta, ideia bat gailentzen da: jarraitutasuna. Nazioarteko ikerketa ugarik frogatu dutenez, pazienteen heriotza tasa %30 murrizten da lehen arretako sendagile berak urte luzez artatzen baditu.
Z
Zaintza
Zaintza sistema publiko-komunitario baten beharra nabarmendu izan du mugimendu feministak, eta hori aldarrikatzeko egin zuten greba feminista orokorra iaz. Hori osasun sistema publiko eta kalitatezkoarekin lotuta dagoela nabarmendu izan dute. Osakidetzak badu bere rola zaintzaren alorrean, eta zaintzak bere lekua izan beharko luke itunean.
A
Argia
Osakidetzaren komunikazioak «argia eta zintzoa» izan beharko duela zehaztu du Jaurlaritzak, eta irizpide horri berari segitu liezaiokete ituna adosteko bilerekin. Ikusteko dago zenbat informazio emango duten. Orain arte, Osakidetza ez da erakunderik gardenena izan.
Ohartarazpena: Osakidetzaren ertz guztiei erreparatzeko, ez lirateke nahikoa izango munduko alfabeto guztietako hizki denak ere.