ETAren jardun armatuaren amaiera. Analisia

Ordena pixka bat

Imanol Murua Uria.
2011ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Jonan Fernandezi lapurtuko diogu kontzeptua: irtenbide negoziatua beharrean, irtenbide ordenatua bide da orain iparra.Ordena ditzagun, bada, adierazpenak ere.

Currinek uste du Espainiako Gobernua ados dagoela ETArekin elkarrizketak hastearekin. Blairrek hori eskatu badu,Madril ados dagoelako da. Gainera, susmoa du Zapatero eta Raxoi adostasunez ari direla eta, Gobernuak ETAren elkarrizketa eskaerari erantzun publikoa ematen dionean, bi alderdiek adostutako erantzuna izango dela. Garaikoetxearen ustez ere, Zapatero eta Raxoi bat eginda ari dira, eta «beharrezkoak diren urratsak jadanik landuak izan dira». Ez dago saltsaren erdian, baina ezin ukatuko diogu usaimen politikoa. Idatzi honen gaineko albistean irakur daiteke Raxoi zuhurtzia eskatzen ari dela: handitasunez jokatzeko momentua omen. Eta Sarkozy, Madrilen zerbitzura.

Raxoiren jarrera zuhurra gogor kritikatzen ari den sektoreak, ETAk armak uztea erabaki ez balu bezala jokatzen jarraitu nahi duen eskuinak, argudio bat du: ETA ez da desegin, ez ditu armak entregatu. Blairrek esaldi batean erakutsi du sektore horren argudioa bera nola baliatu, kontrakoa defendatzeko: «ETAren eta gobernuen arteko elkarrizketak beharrezkoak dira, ETA indar armatu gisa desegin dadin bermatzeko». Baietz Raxoik argudio horri heldu, garaia iristen zaionean. El Pais-eko kazetariak bi aldiz galdetu dio Basagoitiri ea Raxoiren gobernuak ETArekin elkarrizketatzeko prestasuna izango duen: «Ez daukagu hori pentsatuta, inolaz ere». Alegia, ez biltzea daukatela pentsatuta, baina abisatuko digula berriro pentsatzen dutenean.

Patxi Lopezek lurreratu ordukoiragarri du elkarrizketa erronda, ordekaritza instituzionala duten indar guztiekin, Bildu barne noski. EAJk denbora darama estatus politiko berria ipartzat hartuta. Gernikako Akordioaren sinatzaile guztiek, atzo Bilbo hartu zuen jende uholdea lagun, aspaldi kokatu zuten alderdien mahaia ibilbide orriaren erdian, estatus politiko berria hitzartzeko azken batean. Roberto Jimenez PSNko burua gurdira igotzen sumatu dugu: «Eztabaida politikoan sakontzeko ordua da», «elkarbizitza aro berria eraikitzeko».

Gurpilak jiraka ari dira, askok uste baino askoz azkarrago, baten batzuek koipea emateko lana hartu zuten seinale. Eta gehienak norabide bertsuan ari dira mugitzen, elkarren osagarri izan daitezkeen jarreretan, planoak marraztuta dauden seinale. Etorriko dira garai nahasiagoak, ziur, baina oraingoz, ordena pixka bat sumatzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.