Kezkatzen nau Europako Batasunaren irizpide batasunik ezak AstraZenecaren txertoa emateko jarraibideei dagokienean, eta kezkatzen nau txerto horren inguruan sortzen ari den sinesgarritasun galerak. Txertoari buruz dudan iritzia ez da aldatu azken 24-48 orduetan. Txerto segurua eta eraginkorra da, eta, hain zuzen, Sendagaien Europako Agentziaren eta Erresuma Batuko Sendagaien Agentziaren azken ebidentziek eta adierazpenek iradokitzen dute erregistratutako tronboak txerto adenobiralaren ondorio oso ezohikoa izan daitezkeela.
AstraZenecaren txertoaren arrisku-onura erlazioari erreparatuta (Erresuma Batuko datuak), oso agerikoa da aldeko balantzea 40 urtetik gorakoen artean, eta, beharbada, zertxobait txikiagoa, baina oraindik aldekoa 30 urtetik beherakoen artean. Horregatik, Erresuma Batuak ez die txertoa jarriko adin horretatik beherakoei, eta beste txerto bat erabiltzeko aukera emango die.
Oso ezohikoak diren kontrako efektuak ia medikamentu eta txerto guztietan agertzen dira. Egungo sentikortasun egoeran prospektuak zehatz-mehatz irakurriko bagenitu, ia sendagai guztiak susmopean egongo lirateke. Zuhurtasun printzipioa garrantzitsua da, jakina, baina ebidentzia zientifikoen mende egon behar du, eta Europako sendagaiak arautzen dituen organo gorenaren orientazioa eta gobernantza errespetatu behar ditu. Europako egungo egoera kaotikoa da. Herrialde bakoitzak bere arauak jarri ditu txertoa erabiltzerakoan. Autonomia erkidegoek ere EMAren gainetik hartzen dituzte osasun erabakiak. Herritarrek ebidentziak, argitasuna eta adostutako akordioak behar dituzte. Ezin dugu ahaztu birusaren eta COVID-19aren aurkako antidoto nagusia txertoa jartzea dela.