Maitane Nerekan Umaran.
PENTSALDIAN

Opor gutxiegi ditugu i(ra)kasleok

2022ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Probokaziotik hasi da izenburua, zelan bestela. Zer da errazagoa hezkuntzako langileon lana desligitimatzeko, edozein kuadrilla elkarrizketak hezkuntzaz dihardunean esaldi kategorikoarekin amaitzea baino: «Zein ondo bizi zareten irakasleak, hainbeste oporrekin!». Euskal atsotitzak berak badio, «ondo bizi izateko apaizaren lana, maisuaren oporrak eta militarraren jornala». Zein bi sektorerekin nahasten gaituen!

Irakasleok opor gutxiegi ditugu, ikasleek opor gutxiegi dituzten bezala eta langileria gehienak bezala. Kasurik eta onenean, urtearen laurdena emango dugu oporretan eta gainontzekoa patronalak ezartzen dizkigun ordutegien arabera. Zelan erori gaitezke kapitalismoaren tranpan hain erraz edozein langilek opor gehiegi dituela esanez? Soldatapeko lana, gutxi batzuen eskuetan pilatuta geldituko den «aberastasuna» sortzera bideratutako lana, ama lurrak sostengatu ezin duen produkzio basatian oinarritutako lana, hori da gure bizitzaren erdigunea. Ez zaintza, ez gure erritmo biologikoak, ez ama lurraren zikloak, ezta beste ezer ere; are gutxiago ume eta gazteen behar biologiko eta emozionalak. Lanaren arabera antolatu behar dugu dena. Noiz prestatu bazkaria, lanak uzten digunean. Noiz egon seme-alabekin, lanak uzten digunean. Noiz zaindu lagunak, lanak uzten digunean. Noiz eman gozamena gorputzari, lanak uzten digunean.

Hori horrela, noiz ditugu opor asko? Noiz gehiegi? Noiz gutxiegi? Zein izan behar du hezkuntzako egutegi eta ordutegiak zehazteko irizpidea? Zein garrantzi dute oporrek hezkuntza prozesuetan? Zenbat hezten gara oporraldietan eta zenbat eskolan? Zenbat atseden behar du ikasleak? Eta irakasleak?

Susmoa dut, hezkuntza egutegia eta hezkuntzako langileon egutegia kritikatu egiten dituzten gehienek beren frustrazioetatik eta kontziliazio arazoetatik abiatuta egiten dutela eta ez kalitatezko hezkuntza edo ikasleriaren ongizatea irizpide hartuta. Badakit oso zaila dela gehiengoarentzat seme-alaben zaintza duina eta soldatapeko lana uztartzea; hortik desazkunderako beharra: astean lau laneguneko egutegiak, jardunaldi laburragoak, planetaren ongizatean oinarritutako lan-sistema... Hezkuntza egutegia egituratzeko, kultura judu-kristauaeta sistema ekonomiko kapitalistak dituen beharrak kontuan hartzen dira batez ere, kolonoen zenbait jairekin batera. Hau da, ikasleek jai daukate santu kristauek uzten dietenean edo haien gurasoek etxean egoteko aukera gehien dutenean (hala ere, askok ez dute aukerarik). Hasteko, zalantzan jarri dezagun hori. Pentsa dezagun erlijioaren eta logika kapitalistaren pean egindako denboraren antolaketa zelan atera dezakegun gure hezkuntza antolakuntzatik. Amestu dezagun honetan ere, ametsak bizirik izateak horienganako bidea egitera eramaten gaituelako. Pentsa dezagun zein den XXI. mendeko Euskal Herrian egutegiak zehazteko lehentasunezkoa izan behar duen irizpidea: zaintza lanak, solstizioak, hilerokoaren zikloak, aurrezpen energetikoa, euskal herri-kulturaren zita garrantzitsuak, ume, gazte zein langileriaren atseden beharrak... aukerak asko.

San Juan bagileko, denbora ederreko, artok eta garik kaxan gordeteko, apok eta sugek zurtan erreteko. Gora san juan bagileko! Uda ona pasa, polithoriek!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.