Pastor
DARWIN ETA GU

Opariak

2018ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Opariek limurtzeko bidea nola erraz dezaketen azaldu du John Carlin kazetariak, La Vanguardia egunkarian. 2013. urtean Malvina uharteetan izan zenean, beldurrik handiena noiz sentitu zuten azaldu zioten British nazionalista amorratuek. Ez zen 1982ko gerran izan, geroago baizik, Argentinako presidente Carlos Menem-ek diskurtsoa samurtu zuenean.

Malvinetako herritarrek Carlini adierazi ziotenez, jendea gozatzeko politikan ekimen berezia bultzatu zuen Menemek: Eguberrietan opariak bidali zizkien uharteetako umeei. Txikien emozioak bideratzeko saioa izan zen. Izan ere, opariak edonon eta edonoiz dira ongi etorriak, batez ere oraindik espiritu kritikorik ez duten pertsonen artean. Umeen kasuan, adibidez. Haien bihotzak konkistatzea gerra irabaztea baino askoz errazagoa da.

Zer izango zen diktadurak, euskara debekatu barik, Athletic, Real edo Osasunaren kamisetak oparitu balizkie Euskal Herriko haurrei, euskaraz idatzitako postal batekin? Zer gertatuko litzateke Espainiako Gobernuak opariak bidaliko balizkie? Gurasoek lanak izango lituzkete seme-alabei azaltzeko ustekabe atseginak ematen dizkien estatuak asimilatu egin nahi dituela, modu gozoan bada ere.

Espainiak ez du hori egiten jakin. Ez hemen, ez Katalunian. Frantsesak ere kolonialista galantak dira, baina espainiarrak baino askoz azkar eta abilagoak ditugu. Frantsesa hizkuntza ofizial bakarra da, baina ez dute debekatu arbasoen hilarrian euskaraz idaztea. Lehen eta Bigarren Mundu Gerretan Frantziaren alde hildako euskal herritarren izen-abizenak jarri dituzte herrietako oroitarrietan. Faxistek eraikitako monumentua leher dezakezu Hegoaldean, baina nola suntsituko duzu Iparraldean zure aitona-amonen deiturak dituen oroitarria? Ez duzu zikintzen aitatxi omentzeko ezarri duten harria.

Eguberriak hemen ditugu, baina Madrilek ez digu oparirik bidaliko. Gauza askorik ezin espero. Beharbada, Sanchezek gobernuan segitzen badu, Gasteizen egingo dute 2019ko Gabonen aurreko ministro kontseiluaren bilera. Gizarte Segurantzaren transferentziari buruz hitz egiten segitzeko asmoa azalduko dute. Bilboko aireportuari Agirre lehendakaria aireportua deitzea onartuko dute eta Lauaxeta-ri eginiko epaiketa militarra baliogabetu egingo dute, euskaldunok pozik egon gaitezen. Nolaz esango diogu ezetz opari horiei?

Hortik aurrera? Katalunian hemen baino gehiago dute jokoan espainiarrek eta, erabaki sinboliko eta hitz politez gain, zer? Herritarren %80 erabakitzeko eskubidearen alde daude. EAEn askoz gutxiago dira: %45, Deustobarometro ikerketaren arabera. Datuak ikusita, gogora datorkit EAJk Gure Esku Dagori eskatutako autokritika, Donostiako herri kontsultan izaniko parte-hartze txikiagatik. Erantzukizun osoa Gure Esku Dagorena da? Donostiako Udalerako eta Gipuzkoako Aldundirako inkestek ematen dizkieten boto emaileen erdiak mobilizatzeko benetako ahaleginak egingo balituzte, bestelako emaitzak izango lituzkete herri galdeketek, seguru egon. Autokritikarik? Ezker abertzaleko militante batek azaldu zidan nola, duela urte batzuk, bere herri txikiko batzokira joan zen, orduan egiten hasi ziren ekintza sinboliko horietako batean parte hartzeko eskatzeko. «Ondo dago, baina guri alderdiak ezer esan arte, gu ez gara joango», esan zioten.

Oparien benetako balioa ez datza erabiltzen den diruan. Ez. Londresen bizi nintzenean, abendua heldu, eta oparia erosi nion bost urte zituen ilobari: larruzko baloi bat. Ez dut ongi gogoratzen zenbat balio izan zuen, ezta Tottenham taldearen ezkutua ote zuen ere —baliteke, Finchley aldean judu asko bizi baitira—. Gauza bakarra dakit: baloi hura erosi ostean ia astebete eman nuela —soldata berriz kobratu arte— taberna edo zinemara joan barik. Geratu zitzaidan diru apurra ozta-ozta iristen zitzaidan janaria erosteko. Hamaika opari egin ditut orduz geroztik; horietako asko ilobarentzako baloi hura baino garestiagoak izan dira. Hala ere, bat ere ez da izan hura bezain garestia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.