Joseba Zalakain.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Oinarrizko errentaren mugak

2021eko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Asko dira azkenaldian baldintzarik gabeko oinarrizko errenta baten aldeko aldarrikapenak. Gure artean, otsailean aurkeztu zen Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentaren aldeko Legegintzako Herri Ekimena Legebiltzarrean, pobrezia amaitzeko eta pertsona guztientzako eskubideetan aurrera egiteko helburuarekin. Neurri horren alde direnen arabera, Oinarrizko Errenta tresna aproposa da pobrezia bukatzeko, enplegua banatzeko eta lana partekatzeko, bizitza erdigunean jartzeko, erabakitzeko autonomia gehiago lortzeko, modu jasangarriagoan bizitzeko eta aberastasuna birbanatzeko.

Diru-sarrera hori hilean 900 eurokoa izango litzateke pertsona helduentzat, Aurrekontu Orokorrek finantzatuko lukete eta eskubide subjektiboa litzateke. Unibertsalak eta baldintzarik gabeak izateak esan nahi du Euskadin bizi diren pertsona guztiek izango luketela hura jasotzeko eskubidea, lana izan edo ez izan, norekin bizi diren eta beste errenta edo ondare-iturri batzuk zein administrazio-estatusa zein den aintzat hartu gabe.

Oinarrizko errenta ez da, ordea, askok dioten aldaketa «erraz bezain iraultzailea». Bere eraginari buruz dagoen ebidentzia eta bere egokitasuna defendatzeko planteatzen diren argudioak ez dira eztabaidaezinak eta, izan ere, egozten zaizkion abantaila asko, etengabe mantra gisa errepikatzen badira ere, frogatuak edota egiazkoak izatetik urrun daude.

Zentzu horretan gogoratu behar dira, herri ekimenak aipatzen ez dituen arren, Oinarrizko Errentaren beste bi ezaugarri: gaur egun indarrean dauden beste diru laguntza eta kenkari fiskalak desagertu egingo liratekeDiru Sarrerak Bermatzeko Errenta, etxebizitzarako laguntzak, bekak, Oinarrizko Errentaren azpitik dauden pentsioak…—eta errentaren gaineko zerga % 50 ingurukoa izango litzateke, diru sarrera berri hori finantzatu ahal izateko: hau da, edonork jasoko luke oinarrizko errenta, baina pertsona ororen beste diru sarrera guzien erdia Ogasunak hartuko luke, lehenengo eurotik hasita.

Neurri honen alde daudenen arabera, populazioaren % 80k ez luke aldaketa honekin galduko. Datuak ondo aztertzen badira, ordea, argi ikusten da sistema berriarekin gaur egun diru laguntzak edota pentsioak jasotzen dituzten pertsona askok ez luketela neurri honekin irabazi handirik lortuko edo, are gehiago, dirua galduko luketela (ez badira mantentzen behintzat kendu nahi diren diru laguntza baldintzatu eta selektiboak).

Izan ere, klase ertainak lirateke sistema berri honen irabazle argienak, gaur egun baino zerga gutxiago ordainduko lituzketelako edo, praktikan, jasotako diru sarrera ordaindutako zergak baino handiagoa litzatekeelako. Praktikan, errentaren gaineko zerga bilketa osoa gizartearen% 30 aberatsenak hartuko luke soilik bere gain. Hau da: pobreziaren kontrako neurri bezala aurkezten dena, klase ertainen presio fiskalaren jaitsiera dakar batik bat.

Oinarrizko errentaren ustezko beste hainbat abantaila eztabaidagarriak dira ere: esate baterako, Alaskan dagoen oinarrizko errentak argi uzten du erresidentzia legalaren inguruko kontrolak eta baldintzak areagotu egingo liratekeela eta zaila da pentsatzea lanik ez egiteak eta zergarik ez ordaintzeak? inolako estigmarik sortuko ez lukeenik. Bestalde, orain arte egin diren probek nahiko argi uzten badute ere kasu gehienetan jendeak ez liokeela lana egiteari utziko nahiz eta oinarrizko errenta jaso, ikusi beharko litzateke soldataren erdia zergetan ordaindu beharrak nolako eragina edukiko lukeen lanerako zaletasun honetan.

Muga horiekin batera, abantaila argi batzuk baditu ere oinarrizko errentak. Batetik, laguntzaren indibidualizazioa eta baldintzagabekotasunak bere gestioa erraztu eta arinduko luke, eta gaur egun nahiz eta beharra izan? jasotzen ez dutenek errazago jasoko lukete. Ez da aldaketa txikia. Bestalde, diru iturrien gaineko kontrola ez litzateke desagertuko baina gizarte zerbitzuetatik ogasun zerbitzuetara pasako litzateke. Aldaketa nabarmena hau ere.

Azkenik, eta hori izan daiteke agian bere abantailarik propio eta argiena, pertsona askorentzako lan kaskarrak ukatzeko tresna izan daiteke oinarrizko errenta, lanik ez egiteko aukera zabalduz eta, zentzu horretan, gizabanakoen askatasuna zabalduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.