Euren lantokiaren itxiera gogoratzeko, urtero-urtero azaroko egun batez bazkari bat egiten dute. Erritual baten antzera, besarkadak, aspaldiko! Bizkarrean kolpe bat, irribarreak, oihuak, dena da anaitasuna; urtero anekdota, gertakari, pasadizo berberen errepikapena, detaile batzuk galduz urterik urte, berriak asmatuz, aldiko. Itxiera politiko eta biolento hark langile haien guztien biografiak atzaparkatu zituen, eta nortasunak urratu: ordutik aurrera, Euskaldunako langile ohi dira, ezer izatekotan.
30 urte geroago, minak saminari egin dio lekua: oraindik negar malkotan gogoratzen dute ia lau urteko borroka «gogor eta triste hura». Amorruak harrotasunari utzi dio tartea: galdu egin zuten arren, azkeneraino borrokatu ziren, eta ez soilik euren lanpostuagatik, langile klasea bera defendatzeagatik borrokatu ziren. Injustizia bat, memoria eta sentimendu asko partekatzen dituen kolektibo bilakatu da Euskaldunako langile ohiena.
Ezinbestean, Euskaldunako langile ohiak ikustean eta entzutean, Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera zetorkidan gogora, joan den urteko azaroan Mamarigan egin zuten bazkarian haiekin elkartzeko aukera izan nuenean. Bi lantegiren itxiera, Espainiako Estatuaren bi erabaki politiko —langileriaren kontrakoa bata, euskalgintzaren aurkakoa bestea—; indarrez idatziriko bi kapitulu; hainbat biografia zauritu. Eta, hara paradoxa!, ia izen bera izan.
Egunkaria-ko langileok proiektu bat partekatzen genuen, mundu ikuskera batekin identifikatzen ginen, bere inperfekzioan. Gaur, hori guztia eta erreparatu gabeko injustizia bat partekatzen dugu. Urratu bera arrastatzen dugu gure nortasunetan: Egunkaria-ko langile ohiak gara.
Galdu egin genuen, eta haragi bizitan izan dugu zauria. Oraino min egiten du. Hamar urte geroago ezin otsailaren 20 hura gogoratu hotzikararik sentitu gabe. Injustizia batek lotu gintuen, eta saminak lotuko. Orbanduko ez den harramazkada bat izango dugu bihotzean Egunkaria-ko langile ohiek. Hogei urte barru harrotasunez gogoratuko dugu kolektibo horren parte garela: behin mundua euskaraz irakurri nahi izan zuena, itxia, baina isildua izan ez zena.
'Egunkaria'-ren itxierak hamar urte (eta VIII)
Ohien saldoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu