Pobrearen poza ase arteko otordua egin dutenen mahaitik ogi papurrak biltzea izaten da. Pobrea aiseago oldartuko zaio aldamenean duenari, goian jarri zaionari baino. «Orokorrean, nahiz eta ez beti, herritarrek zenbat eta diru sarrera txikiagoak izan, orduan eta beldur handiagoa diote etorkinen etorrerari, batez ere lana aurkitzeari edo mantentzeari, soldata txikiagoa kobratzeari eta etxebizitza eskuratzeari dagokionez». SOS Arrazakeriako sei lagunek egin berri duten txostenean agertzen den baieztapenetako bat da.
«Atzerritarra autoktonoaren berezko baliabideak kontsumitzen dituen etorkin txiro gisa identifikatzen da, aberastasun sortzaile gisa identifikatu beharrean. Horrenbestez, etorkina lehiakide bihurtzen da, eta berez edo jaiotza eskubidez espero duten lehentasunezko tratua galtzeko beldurra pizten die nazionalei». Gutxi duena duen apurra galtzeko beldurrez bizi da; eta immigranteengana itzultzen da beldurra, azkena iritsi direnengana.
Eusko Jaurlaritzak abendu bukaeran ezagutzera eman zuen Soziometroaren arabera, mezkitak eraikitzearen kontra dago Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru herritarretik bat; immigranteek beren familiak hemen elkartzearen aurka dago bostetik bat; eta beste hainbeste dira eskubide batzuk kenduko lizkieketenak—botoa ematekoa eta langabezia saria jasotzekoa, adibidez—. Hamarretik seik uste dute etorkinek erraztasun gehiago dituztela gizarte laguntzak jasotzeko.
Langabezia eta bazterkeria hedatu ahala, laguntzen beharrean direnak ugaritzen dira —bertakoak izan, zein kanpokoak izan—, baina laguntzak ez dira hein berean ugaritzen. Gutxiago dago gehiagorentzat: mahai gaineko ogi papurrengatik borrokatzen hasteko ordua da. Eta ogi papurrengatik borrokan, gutxi gizenduko dira, xenofobia eta haren lagunak kenduta.
Analisia
Ogi papurrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu