Aiora Zabala.
PENTSALDIAN

Nuklear iraunkorra

2022ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Fisio nuklearretik datorrena ez da energia jasangarria; ez du errepikapenik behar. Baina Europako Batzordeak piztutako eztabaida aproposa da hainbat gogoetetarako. Adibidez, iraunkortasunerako giza zientziak eta humanitateak behar direla nabarmentzeko.

Energia nuklearra inbertsio jasangarrien zerrendan sartzea proposatu du EBk, etiketa berdea ipiniz. Ez da etiketa zientifikoa, finantza-jarduerarako baizik. Proposamenak ondorio praktiko handiak izan ditzake, inbertsioak erabakitzeko eta enpresak bere txosten publikoetan adierazteko balioko baitu. Aurrera balihoa, haize, eguzki edo uraren energia ustiatzeko proiektu bat eta uranioa darabilen beste bat funts berdinetatik dirua jasotzeko lehiatuko lirakete, Green Deal arloetako kantitate itzeletatik.

Piztutako zurrunbiloaren ondorioz, EBk astebete pasatxo luzatu du erreakzioak bildu eta aurrera joateko epea, aste honetara. Europako estatuek zeresan handia dute, eta aurka egon zitezkeenak gehiengoa dira oraingoz. Espainia aurka, Frantzia alde.

Interes ekonomiko handidunak ez dira nuklearraren alde dauden bakarrak. Profesionalak eta gazteen artean ere aldekoak daude. Klima aldaketarekiko kezkaren ondorioz beste ingurumen kontuak bigarren mailakoak omen dira batzuentzat.

Horrelakorik defendatzea mendi eta leize-zaleek ongi dakiten funtsezko araua hausten du: arriskua topatzerakoan, erabakiak bizkor baina zuhur, izurik gabe hartu behar dira, beste arazo latzak edo latzagoak ez sortzearren. Horixe da ingurumen arazoak konpontzeko zailtasun handienetakoa, planeta liluragarri honetan hainbat gauza eta bizidun elkar lotuta daudela. Beraz, arazo batentzako irtenbideak beste auzi batzuk sortu ditzake eta edozein erabakietan hainbat faktore hartu behar dira kontutan.

Istripu nuklearren arriskuaren gaineko ikerketa oparoa da, beste hainbat sektoreetako arriskuenaren parekoa. Bestalde, hondakinentzako ez da ezagutzen irtenbide iraunkorrik. Iraunkorrak goi-mailako hondakin erradioaktiboak dira: gutxi, baina hamarna mila urtez arriskutsuak. Zenbaitetan geologo eta ingeniariak entzun ditut gordailu geologikoei buruz hitz egiten, ziurtasunez. Historialariak eta politika zientzialariak adituko nituzke honetan: etorkizunean hondakinen biltegiak osorik darraitela bermatzeko, arrisku honetaz ohartarazten duen instituzioa beharko litzateke (edo ulergarria den oharra, edo hizkuntza). Ezagutzen al da hamar edo ehun mila urtez iraun duen instituziorik? Estatu modernoak adibidez, mende gutxi batzuk dituzte. Unibertsitate zaharrenak ia mila urte. Eliza katolikoak, ia bi mila. Horiek sortu zirenean hondakin nuklearrak gorde izan balira, erradioaktibitate maila segurura iristeko behar den denboraren parte txiki bat iragan zitekeen egundaino. Egiptoko piramideetan gorde izan balira, arriskuaren estimaturiko biziraupenaren erdira iritsi izango ziren. Hondakinak hurrengo belaunaldientzako seguru izatea adarbakar baten menpe dago, hamar mila urte iraun dezakeen instituzio mitologikoaren esperoan.

Iraunkortasuna klimari dagokiona baino askoz ere gehiago da. Garraioen elektrifikazioa datorrenez, elektrizitatea oparo eskatuko da eta edozein ekoizpen moduk alde txarrak dauzka. Panel fotovoltaikoek lur arraroak eta inpaktua duten beste materialak behar dituzte, parkeeolikoen kokapena ez ohi da erraza... baina gizarteak erabaki behar du zer nolako ondorioak diren onargarri guretzat etadatozenentzat, eta zenbat denboran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.