Silvia Gambarte.
Koronabirusa. EKONOMIA PENTSALDIAN

Nork zelatatuko ditu zelatariak?

2021eko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Maiatzaren 12an, 9/2021 Errege Dekretua argitaratu zuten BOE Espainiako Aldizkari Ofizialean: rider-en legea deiturikoa. Lege horren bitartez, bi aldaketa egin dira Langileen Estatutuan: alde batetik, zehazten da plataforma digitalentzat lan egiten duten banatzaileak (rider direlakoak) soldatapeko langileak direla, eta, bertzalde, legeak nahitaezkotzat jotzen du langile batzordeari «algoritmoen eta adimen artifizialeko sistemen oinarri diren parametro, arau eta instrukzioen» berri ematea «baldin eta lan baldintzei, lana lortzeari eta hura ez galtzeari dagozkien erabakiak baldintzatzen badituzte, bai eta profil profesionalen edukia ere».

Lege honek argi eta inongo zalantzarik gabe ezartzen du langileok, rider direlakoak, soldatapeko langileak direla. Ez da gauza berria, Langileen Estatutuko 1.1 artikuluak jadaneko deskribatzen baitu zer den soldatapeko langile bat, eta, gainera, 2020an, Auzitegi Gorenak adierazi zuen banatzaileok soldatapeko langileak zirela. Nolanahi ere, enpresek langile autonomoaren kontzeptua modu iruzurtian aplikatzen jarraitzen dute, eta milaka rider-i ez diete enpresako langile gisa alta eman oraindik.

Segur aski, hedabideetan oihartzunik txikiena duen alderdia da legearen berrikuntzarik handiena. Hauxe da abangoardian kokatzen gaituena: lege horren arabera, nahitaezkoa da langile batzordeari jakinaraztea lan arloko erabakietan eragiten duen algoritmo edo adimen artifizialik ba ote den, bai eta algoritmo hori nola aplikatzen den ere.

Gailu elektronikoz eta aplikazioz jositako gizarte honetan, gero eta errazagoa da jendea zelatatzea. Jadaneko enpresa anitzek erabiltzen dituzte sistema horiek langileak kaleratzeko, produktibitatea neurtzeko, zereginak berriz banatzeko edo lan ibilbideak aldatzeko. Enpresen kontrola gero eta zorrotzagoa da, langileak egiten duen guziaren berri izan behar dutelako adimen artifiziala martxan jar dadin. Zorionez, oraindik ezin dute urratu langileen intimitatea.

Mundua guztiz digitalizatuta dago, eta, beraz, erabakiak jada ez dituzte pertsonek hartzen; makinek erabakitzen dute gure ordez; zeroek eta batek ordezkatuko dituzte pertsonen arteko harremanak; sentimenduak, enpatia eta maitasuna desagertu eginen dira. Indibidualismoa are gehiago zabalduko da. Akatsik txikiena ere ametitzen ez duen sistema baterantz goaz. Izan ere, akats txiki horrek zu kaleratzeko erranen dio algoritmoari. Eta, hori gertatzen den bitartean, qui custodiet ipsos custodes? Hau da, nork zelatatuko ditu zelatariak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.