Joseba Zalakain.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Nork ordaintzen du gizarte babesa?

2021eko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Eustatek aditzera eman dituen datuen arabera, 2019an Euskadin ia 20.000 milioi euro gastatu ziren gizarte babesean, aurreko urtean baino % 5,9 gehiago. Gehikuntza horren ondorioz, gizarte babesean gastatutako kopurua barne produktu gordinaren %24,6ra iritsi zen. Gastu horren heren bat euskal administrazioek hartzen dute bere gain, eta beste bi herenak espainiar administrazioek, batez ere Gizarte Segurantza eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren bitartez. Euskal erakundeek egiten duten gastuari dagokionez, bi heren —4.200 milioi— osasun zerbitzuak ordaintzeko erabiltzen dira; beste herena gizarte zerbitzu, etxebizitza, diru-sarrerak bermatzeko errenta eta familia politiketara bideratzen da.

Euskadik gizarte babesean egiten duen gastua altuenetakoa da Europan. Eustaten arabera, herrialde bakoitzeko erosteko ahalmena kontuan hartuta, Euskadik 9.022 euro gastatu zituen biztanleko 2019an; horrek EB-27ren batezbestekoaren (8.709) eta Espainia (6.457) edo Irlanda (7.276) herrialdeen gainetik kokatzen du. Taularen goiko muturrean Luxenburgo (16.031) eta Danimarka (11.866) daude.

Eustaten datu horiek ez dute balio, ordea, estatu azpiko administrazioek —hau da, gobernu zentralen pean dauden udal eta herrialde mailako erakundeek— oinarrizko zerbitzu publikoetan —hezkuntza, osasuna eta gizarte babesa, alegia— egiten duten gastu publikoa alderatzeko. Ariketa hori egiten denean, emaitza interesgarriak azaltzen dira: alde batetik, Euskadin egiten den gastu publiko osoa, biztanleko, herrialde garatuen artean egiten den altuenetakoa da, batez ere osasunean, hezkuntzan eta gizarte babesean pentsioak, gizarte zerbitzuak eta beste diru laguntzak? egiten den gastua dela eta. Beste hitzetan, Euskadin egiten den gastu publikoa bereziki bideratua dago, beste herrialdeekin alderatuta, gizarte ongizatera, maila handi batetan Euskal erakundeek —beste tokiko administrazioekin alderatuta— egiten duten gastu handiaren ondorioz.

Izan ere, estatu azpiko administrazioak hartzen badira bakarrik kontuan —esaterako, Alemaniako landerrak, Suitzako kantoiak, Erresuma Batuko konderriak edota Estatu Batuetako estatuak, bertako udalekin batera—, Euskadi da osasun arloan bigarren gastu handiena egiten duen herrialdea, Danimarkako eskualdeen atzetik. Hezkuntza arloan, Euskal Autonomia Erkidegoa da laugarren gastu handiena egiten duen herrialdea, Estatu Batuetako, Belgikako eta Suitzako estatu, eskualde eta kantoien atzetik. Aldea ez da berriz horren handia gizarte babesaren arloan, hemen pentsioak direlako gastuaren parterik handiena eta alor horretan espainiar administrazioa da —Gizarte Segurantza medio— gasturik handiena egiten duena.

Zergatik gastatu dezake —edo gastatu behar du— hainbeste diru Euskadik oinarrizko zerbitzu publiko hauetan? Alde batetik, herrialde zaharkituagoa delako, inguruko herrialdeekin konparatuta, eta, bestetik, aberatsagoa delako. Ezin da ahaztu EAEko errenta maila, biztanleko, Europako altuenetakoa dela eta, baita ere, 65 urte baino gehiago dituzten pertsonen kopurua. Esan behar da, gainera, nabarmena izan dela, oro har, Euskadin hiritarrek nahiz erakundeek gizarte politiken alde agertu duten jarrera. Gogoratu behar da ere ordea, horrekin guztiarekin batera, Euskadik bere gizarte politikak finantzatzeko dituen erraztasun bereziak: alde batetik, Euskadik ez du —beste herrialde aberatsetan bezala, Katalunia edo Madril kasu— bere baliabide ekonomikoen parte handi bat Espainiako Estatuko herrialde pobreagoetara zuzendu behar, kupoaren bitartez bertan jasotako ia zerga guztiak bertan mantentzen direlako. Horrek egiten du posible osasun, gizarte zerbitzu edo hezkuntza arloan euskal erakundeen gastua horren altua izatea; era berean, Euskadi kutxa bakarraren printzipioan oinarritutako Gizarte Segurantzaz baliatzen da. Ez da ahaztu behar sistema horren onuradun direla, bereziki, komunitate zahartuenak edota garapen ekonomiko txikiena dutenak, bertan jasotzen diren kotizazioak ez baitira nahikoak —edo, hobeto esanda, bereziki urriak direlako— bertako pentsioak bere osotasunean ordaintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.