Teorian, behintzat, gizarte zerbitzuak dira Ongizate Estatuak ematen dituen zerbitzuen artean koordainketa eskatzen duten bakarrak. Izan ere, osasun eta hezkuntza zerbitzuak erabiltzaileentzat doakoak dira, eta, gizarte zerbitzuei, berriz, prezio publiko edo tasa bat ezartzen zaie. Koordainketa hau ez bada zerbitzu guzietan eskatzen —ez da eskatzen, adibidez, bazterketa egoeran dauden pertsonei zuzenduriko baliabideetan—, pisu eta eragin handia du menpekotasuna duten adineko pertsonei zuzendurikoetan (etxez etxeko laguntza, eguneko zentroak eta egoitzak, alegia).
Euskadin, koordainketa honen bitartez ordaintzen den kopurua ez da txikia: Eustaten arabera, adineko pertsonentzako egoitza eta eguneko zentroen erabiltzaileek guztira 300 milioi euro ordaindu zituzten 2018. urtean zerbitzu horien truke. Ordaindutakoa, ordea, oso ezberdina da, batez beste, lurralde historikoaren eta zentroaren jabetzaren arabera: Arabako zentro publikoetan, adibidez, kuota 11.000 euro ingurukoa da erabiltzaile eta urteko, batez beste; Bizkaiko zentro pribatuetan, berriz, ia 19.000 eurokoa. Ezberdintasun horiek egoiliar bakoitzaren baldintza ekonomikoekin dute zerikusia, baina baita lurralde bakoitzeko erakundeek ezartzen dituzten arauekin ere. Ezberdina da kuota horren eta leku bakoitzaren kostuaren arteko harremana ere: Euskadin, batez beste, egoitza leku baten kostuaren %48 ordaintzen dute erabiltzaileek (2.000 urtean 38%a zen). Arabako zentro publikoetan, ordea, lekuaren kostuaren %19 besterik ez dute ordaintzen, eta, pribatuetan, berriz, %73 (nahiz eta askotan kuota hori ordaintzeko diru-laguntzak jaso).
Ez dugu etxez etxeko laguntzari buruz horrenbesteko daturik, baina, Imsersoren datuen arabera zerbitzu horren erabiltzaileek zazpi milioi euro inguru ordaindu zituzten 2018. urtean Gipuzkoan eta Araban (3,7 euro orduko, batez beste). Erabiltzaileen koordainketa horrek zerbitzuaren kostu osoaren %20a inguru finantzatzen du.
Lurralde eta jabego sareen arteko ezberdintasunak ez ezik, sistema horrek badu beste arazo bat ere: batetik, pertsona bakoitzak ordaindu behar duen kuota—maila handi batean— bere errenta eta ondasunen arabera ezartzen da. Horrek, alde batetik, progresibotasuna bermatzen du, gehien daukatenek gehiago ordaintzen dutelako. Horrekin batera, ordea, sistema horrek gizarte zerbitzuen unibertsaltasuna oztopatzen du: errenta edota ondasun ertainak nahiz altuak dituztenak koordainketa maila altua egitera derrigortuta daude, eta, koordainketa hori ekiditeko, zerbitzu pribatuetara jotzen dute. Euskadin gaur egun dugun sare pribatu nagusia atzerriko emakume zaintzaileek osatzen dutena da. Horrela, orokorrean, errenta txiki edota ertainak dituzten pertsonek —edo beste erremediorik ez dutenek— zerbitzu publiko edo hitzartuetara jotzen dute, eta, errenta maila ertaina edo altua dutenek, berriz, —ahal duten bitartean— atzerriko emakume zaintzaileen merkatu pribatura, horretarako administrazioak berak ematen dituen diru-laguntzak erabiliz.
Beste herrialde batzuetan, sistema beste era batean antolatuta dago. Eskozian, adibidez, gizarte zerbitzuen bidez menpekotasuna duten pertsonei ematen zaien arreta pertsonala doakoa da, bai egoitzetan eta bai etxez etxeko arreta zerbitzuetan. Erabiltzaileek etxeko lanen arta bakarrik ordaintzen dute: hau da, egoitzetan janaria eta ostatua, eta etxez etxeko laguntzan garbiketa, erosketak edota bazkaria prestatzea. Frantziako Estatuan indarrean dagoen sistema antzekoa da, nahiz eta arreta pertsonala ez den guztiz doakoa, eta errentaren arabera ezartzen den.
Ereduak, beraz, asko dira, eta ondo legoke kontuan hartzea gure artean koordainketa arautzeko orduan.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN
Nork ordaindu behar ditu gizarte zerbitzuak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu