Mikel Bujanda.
Krisia Osasunbidean. IRITZIA

Nork agintzen du hemen?

2014ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Osasunbidearen diagnostikoa egin du Juanjo Rubiok Nafarroako Parlamentuko saioan: gaitz larri batek jota eri dago Osasun Publiko forala.

Sintomak zerrendatu ditu, eta horietako bat berdingabekeria da, estratifikazioa: adiskide eta familiarrei arreta hobea eskaintzen zaie osasungintza publikoan erabiltzaile ezezagunei baino. Kontsulta edo ebakuntza noiz egin behar dieten zain daudenen zerrenda luzeetan, faboreko tratamendua dute batzuek besteen gainetik.

Beltzune honek, besterik ez balego ere, argitua izan behar du. Argiro eta zehazki jakin behar dugu non eta nola eman diren jokaera horiek. Zehaztapenak behar dira.

Gauza bera denboran atzerapen luzeak ekarri dituzten erabakien erantzukizunekin: noren errua ote da Tuterako erietxean kirofanoen instalazioa urtebetez berandutzea? Gauza asko dago argitzeko eta lehenbailehen hasi beharko da ikertzen jaun-andere parlamentarien aurrean aipatuak izan diren funtzionamendu okerren sorta luzean.

Juanjo Rubio ez da besteak bezalakoa. Laburrean esanda, ez da politikaria. Ez du disimuluan ibiltzeko ohiturarik. Aurrez aurre esaten ditu esan beharreko gehienak. Denok ulertzeko moduan.

Hala eta guztiz ere, gehiago esan zion Edurne Elizondo kazetariari atzo —asteartean- egunkari honek argitaratutako elkarrizketan, Foru Parlamentuan izandako agerraldian baino. Osasunbideko goi kargudun batzuek oligarken moduko portaera dutela esan zigun esklusiban euskarazko prentsaren irakurle garenoi. Erdal jendeari ez dio hainbeste esan, baina zalantza izpirik ez du utzi errudunak Osasunbideko zuzendaritzako kideak direla. Erakunde hori barnetik ezagutu duen urtebetean antzeman dituen akats eta disfuntzioen erantzuleak kontseilaria eta goi karguetan dauden zortzi zuzendariak direla argiro esan du.

Urrats bat gehiago egin behar luke Juanjo Rubiok, eta, horrela, koherente izan berak atzo bertan esandakoarekin: sintomak isilarazi nahian ibiltzen omen gara guztiok, problemen erroetara jo beharrean. Iturburuetara jo beharko genuke.

Horixe da, hain zuzen, zuzendari kudeatzaile izandakoaren atzoko agerraldian sumatutakoa: gaitzaren sintomak deskribatu ditu bai, errudunak nortzuk diren adierazi, baina zein ote da hainbeste eta hain larri diren disfuntzioen iturburua? Hori ez digu argitu, eta galdera horren erantzun zehatzik iristen ez den artean zilegi da hipotesiek hartzea ebidentzia izan behar lukeenaren tokia.

Abiapuntutzat harturik Rubiok maiz erabilitako hitza: gardentasuna… Gardentasuna behar dela behin eta berriro esan zuen, euskaraz eta erdaraz, gardentasunaren premia dagoela. Osasunbidean nork agintzen duen jakin beharra dagoela, horra bizpahiru alditan esandako bestea. Horrek arrastoan jartzen gaitu.

Osasunbideko goi kargudun erruduntzat joak izan diren horiek noren interesen defentsan dihardute? Interes pertsonalak ote dira, korporatiboak agian? Edo are okerrago, erakunde jakin baten mesedetan ari ote dira euren kargu publikoetatik?

Bai baita Nafarroa honetan diskrezioan jokatzea maite duen antolamendua, itzalean gelditu ohi dena, osasungintzan interes handiak dituen erakunde bat, Unibertsitatea baduena, eta horren barnean medikuntza fakultatea; badu Klinika Pribatua, ikerkuntza medikuen hegemonia… Tabu handia da gure lurralde honetan haren izena gordinki aipatzea. Horregatik argitu behar liguke Juanjo Rubiok. Nafarroako Osasun Publikoan ilunpetik agintzen ari dena Opus Dei ote da?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.