Pastor
DARWIN ETA GU

Norentzat kantatzen duzu?

2023ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Duela urte erdi baino gehiago joan zen. Kolpetik. Haren Whatsapp kontuak bizirik segitu du. Bizirik, baina bizitzarik gabe. Soslaian ipini zuen irudia ere ikusgai egon da. Orain hilabete desagertu zen guztia. Norbaitek haren profila ezabatu zuen. Erabat.

Zer gertatuko zaie gure sare sozialetako soslaiei gu goazenean? Zeharo galduko dira haiek ere? Badira enpresak, kezka horiei erantzuteko zerbitzuak eskaintzen hasi direnak. Musutruk? Ez, noski. Sufrimendua negozioa da. Beti izan da. Zertan oinarritu dira historikoki batzuen poza eta ondasunak, askoren oinazean eta esplotazioan izan ez bada? Enpresa horiek hil osteko zure ustezko bizitza biziarazten dute. Adibidez: urtebetetzea zenuen egunean lagunek mezuak bidaltzeko aukera izango dute. Zuri, hilda zauden horri. Eta zuk Dom Pérignon botila bat irekiko duzu. Botila birtual bat, inoiz hustuko ez dena. Botila bete plazer eta eternitate.

Heriotza kudeatzen arazoak ditugula azaldu du Ferdinand von Schirach alemaniarrak. Ez dugu zertan, baina. Epikuroren filosofia gogoratu du idazleak: gu hemen gauden bitartean, heriotza ez dago. Eta hura hemen den unean, gu joanak gara. Idazlearen iritziz, arrazoi bakarra dugu heriotzaren beldur izateko: «Inbidia, besteek bizirik segituko dutelako eta guk ez». Ez nuke esango guztiz oker dagoenik. Errazago izango litzateke denok batera joango bagina. Argiak itzali eta agur. The End. Ordea, mundua ez dabil horrela.

Denbora hiltzen dugu eta denborak lurperatzen gaitu. Horixe idatzi zuen Machado de Assis-ek. Izan ere, poligrafo bakarra ez ezik, garaile bakarra ere bada denbora. Gureak lurperatzeko moduek ere heriotza nola bizi dugun ulertzen laguntzen digute. Espartac Peran kazetariak munduko zenbait herritako errituak azaldu ditu Tres desitjos abans de morirHiru desio hil baino lehen— liburuan. Afrikan, esaterako, guztiz bestelakoa da heriotzari begiratzeko modua, Peracen aburuz.

Ugandako herrietan, gizonaren heriotzak susmoaren itzala pizten du: alargunak berrogei egun eman behar ditu etxean itxita, inorekin kontakturik izan gabe. Horrela, umerik etortzekotan joandako senarrarena ote den frogatu nahi dute. Ez hitz egin haiei DNA probei buruz. Beste alde batetik, zenbait herritan hildakoaren arropa janzten dute senideek eta harekin hitz egiten dute, oraindik bizirik balego bezala. Eskualde batzuetan etxeko atearen ondoan dituzu han bizi direnen gurasoen hilobiak. Lorategian ehortzita. Etxean sartu eta bertatik irteten zaren bakoitzean ikusten dituzu. «Gaur ez egon nire zain, berandu etorriko naiz eta. Baina lasai, ez naiz mozkortuko».

Hemen, berriz, fisikoki urrun izaten ditugu hildakoak. Haien gorpuak kanposantuan dautza. Edo airean, errauts. Hala ere, ez dira gure gogotik aldendu. Haien argazki eta hitzek laguntzen gaituzte. Oroitzapenek ere bai. Gutxien espero duzun unean azal daitezke. Kolpetik, alferrik ihes egin nahi diogun heriotza legez. Larunbatean, supermerkatuko ilaran, berbetaz hegoamerikarra zirudien gizona zegoen. Seme-alabak zituen aldamenean. Neskato txikia, 6-7 urtekoa, deika hasi zitzaion. Umetatik entzuten ez nuen hitza erabili zuen. Ez nekien berba hori existitzen zenik ere. Nik halaxe deitzen nion aitari, amultsuki. Poltsa hartu eta aterantz egin nuen. Haurrak esandako hitza gero eta motelago entzuten zen urrunean, eta gero eta argiago, ozenago nire barrenean. Kanpora irten nintzenean bustita nituen begiak.

Duela urte bat baino gehiago joan zen. Kolpetik. Hegazkin txiki bat hartu zuen Brasil hegoaldera joan eta kontzertu bat emateko. Bidaiari guztiak hil ziren istripuan. Youtube-n Taylor Swift, Beyoncé, Rihanna, Britney Spears eta besteren aurrean agertzen zen ranking berezi batean: emakumezko artistak, 100 milioitik gorako ikustaldi dituzten bideo kopuru handienarekin. Marília Mendonça, sufrimenduaren erregina, lehen postuan zegoen, 29 bideorekin. 26 urte zituen. É por você que eu canto. Eta zuk, norentzat kantatzen duzu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.