arantxa iraola
Irungo Alardea. ANALISIA

Noren mina?

2019ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Ez da aparteko berritasunik izan aurten Irungo alardean. Desfile parekidearen aldekoek kuantitatiboki egin duten aurrerapausoa izan da albiste nabarmenetariko bat: inoizko igoerarik handiena izan dute. Espaloietan ere aldeko giro beroa jaso dute. Gainerakoan, zaharrak berri. Udaletxeko balkoira begira, esaterako, urteroko hutsuneak. Irungo alkate Jose Antonio Santano (PSE-EE) han egon da alarde baztertzaileari oles egiten; parekidea heldu denean, alde egin du. Herrialde mailako ordezkariek jarraitu dute balkoian: Denis Itxasok eta Rafaela Romerok. EAJk, iaz urratutako bideari atxikita, ordezkaritza bat bidali du, herabea adierazpenak egiteko orduan; Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Xabier Ezeizabarrenak behin eta berriz nabarmendu du ez direla alarde parekidea bakarrik ikustera joan: «Bietara etorri gara». EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek berritu egin dute alarde parekidea lehenesteko hautua, eta hantxe egon dira, urteroko gisan, alarde mistoaren aldeko bi eragile leial ere: EAEko Arartekoko eta Emakundeko ordezkariak.

Egin dituzten adierazpenetan, ordezkari guztiek gogoratu dute legealdi berri baten hasiera dela, eta garrantzitsua dela auzia bideratzeko urratsak egiten hastea. 23 urte dira, ordea, gatazka bere gordinean lehertu zela, eta neurri irmoagoak defendatzea ezinbestekoa da. Oraindik alarde parekidearen aldeko hautu argia egin ez duten politikariek sarri adierazi dute honako argudio hau, beren jarreraren epeltasuna defendatzeko: ez dute nahi «tentsioa» handitzerik. Baina arrazoibide horren egokitasuna kolokan jarri behar da behingoz. «Tentsioa» apaldu da garai batetik Irun eta Hondarribiko alardeetan, baina mina oraindik badago, eta mina pairatzea tokatzen zaie beti alarde parekidearen aldekoei. Hala zen orain dela bi hamarkada, alarde mistoaren aldekoa izate hutsa jazarria izateko motibo zenean. Hala da orain. Oraindik ere herriko ordezkari nagusien aitortzarik ez dute, pairatu duten guztiaren gaineko erreparaziorako keinurik txikiena ere ez dute ikusi, eta belaunaldi berriak elkarrekiko errespetuan eta parekidetasunean hezteko ahaleginak ez dira hauspotzen behar bezainbeste. Min horrekin hazi behar izan dute; min horrekin bizi dira. Eta usu burura datorren sentimendua da, hainbat politikarik adierazten dutenean ez dela«tentsioa» areagotu behar, finean esaten ari direla ez dituztela mindu nahi alarde baztertzailearen aldekoak; aldiz, alarde parekidearen aldekoen minaren aurrean sorgor daude, eroso.

Aski kezkagarria izan da, esaterako, udal bozetarako kanpainan gertatu berri dena. Irungo alarde baztertzailearen jeneralak, Paco Carrillok, eskutitz bat idatzi zien talde politikoetako zerrendaburuei: andrerik onartzen ez duen desfilearekiko atxikimendua zenbatekoa den argitzeko eskatu zien. Haien hautua kolokan jartzen duten adierazpenekin deseroso daudela aitortu zuen, eta «errespetua» sentitu nahi dutela. Eta egun gutxiren bueltan erantzun zioten EAJk, PSEk eta PPk: otzanago ezin izan zuten jokatu. Irungo alkateak, esaterako, haiek goraipatzeko moduko hitzak idatzi zituen, bertan goxo jarrai dezaten pentsatuak: «Irunen jaia ulertzeko bi modu daudela ulertzen dugu. Biak legezkoak eta bidezkoak». Areago, hautu baztertzailearen kontra egiten diren kritikak arbuiagarritzat jo zituen: «Beti gaitzetsi ditugu zuen alardea adierazpide desegokiekin eta gezurrekin kolokan jarri dituzten erasoak». Antzera EAJ: «Gure hiriko gehiengo sozial eta politikoarekin gaude», argudiatu zuten: «San Martzial alardea ez da matxista, ez da baztertzailea».

Baina gezurra da hori. Baztertzailea da, andreak andre izate hutsagatik baztertzen dituelako, eta, horrexegatik, matxista. Eta hori argi eta garbi esango duten politikariak ezinbestekoak dira. Era horretan hitz egiten hasi ostean jarri ahal izango dira gerorako zimendu egokiak, eta, ezinbestean, parekidetasunak izan behar du etorkizuna eraikitzeko habe nagusietako bat, bide horretan jarrera baztertzaileak dituzten eragileak minduta sentituko badira ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.