L opez de Abetxuko gasteiztarrak 64 urte ditu, eta duela 24tik dute preso. Beteta dauzka zigorraren bi herenak edo hiru laurdenak. Euskal Herritik kanpo dago: Espainian, Villabonako kartzelan, hemendik 385 kilometrora. Gaixotasunak ditu: bradikardia sintomatikoa, fibrilazio aurikularra eta prostatako adenoma, eta irailaren 19an ebakuntza bat egin behar izan zioten bihotzeko arazoengatik.
Halako egoera larriak daude euskal presoen artean; hots, euskal herritarren artean. Lopez de Abetxukoren kasuan ere Espainiako Estatuak ez du betetzenlegedia: ez hura Euskal Herriratzeko, ez gaixotasun larriagatik kaleratzeko, ez zigorraren bi herenak edo hiru laurdenak beteak izateagatik libre uzteko.
Jaurlaritzak, Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren bitartez oraingoan, berriro esan du larri gaixo dauden presoek eta 70 urtetik gorakoek «legez dagozkien eskubideak edo onurak eskuratu» behar dituztela eta presoei Euskal Herriko kartzeletatik «hurbil» egotea ere legez dagokiela. Baina eskaera haiek ez ditu Hitzeman programan zehazki sartu —«proposamenaren esparruan eta akordio berriak lortzeko helburuarekin» aitatu ditu—. Aldarrikapen haiek EPPK, Etxerat, Sare, EH Bildu eta Foro Soziala ari dira egiten, batik bat. Bakegintzan pausoak emateko bide bat da haiek marrazten dutena.
«Terrorismo delituengatik zigortutako» presoek jaso ahal dituzten onuretan jarri du azpimarra Jaurlaritzak, «birgizarteratzeko legezko prozesuak laguntzeko programa» aurkeztuta. Plana egin du, gauzatzeko eskumenik izan gabe. Garapen bat izateko bestelako bideak erdiestera behartuta legoke, izan Espainiaren lankidetza —gaur-gaurkoz harritzekoa—, izan Euskal Herrikoelkarlana —akordio zabal batean bildutakoa—.
Hitzemanek baditu kontuan hartzeko ezaugarri batzuk. Programari jarraitu nahi dioten presoek «biktimei eragindako minaren aitorpen autokritikoa» egiteko indar egingo du Jaurlaritzak, presoek aurrez «bakea eta bizikidetzaren» aldeko adierazpen bat onartu ondoren. Baldintza gisa ez die damua eskatuko. Jonan Fernandezek azaldu du kontzeptu «arrazionalagoa» dela autokritika eta damua morala dela. Gatazka bat konpontzeko jarrerak eta terminologia ere garrantzitsu izan ohi dira, eta Hitzemanek programaren hasieran ez kateatzeko aukerarik eman dezake, euskal presoei damurik ez eskatuta.
Urkulluk behin baino gehiagotan esan izan du garrantzitsua dela presoek damua agertzea. Abuztuaren 9an Eferi emandako elkarrizketa batean horretaz ari zen, adibidez. Gobernuari eskatu zion damutu direnei «laguntzeko» eta oraindik bide hori hartu ez dutenei horretarako gauzak «errazteko». Hitzemanen liburuxkaren zortzi orrialdeetan ez da azaltzen damua hitza. «Autokritika», dio, zehaztu gabe.
Ordea, bada kontraesan bat, behintzat: Jaurlaritzak ez du aipatu berak presoen arloan autokritikarik egingo duenik, eta arrazoiak izan ditzake bere buruari kritika egiteko; kasurako, Espainiako Gobernuaren sakabanaketa politika babestu zuen duela 25 urte.
Aipatu elkarrizketan Urkullu «Langraiz bidea sustatu» eta ahal den preso gehienengana zabaldu beharraz ere aritu zen; presoak «barne loturetatik askatu» beharraz ere bai. Hitzemanek Langraiz bidea lerro batean aipatzen du —«esperientziaren balio osoa biltzen du»—, eta EPPK-ko presoei ez die eskatzen ETArekin—barne loturekin— mozteko.
Efeko elkarrizketa hartatik lau egunera iragarri zuen Jonan Fernandezek Hitzeman programa aurkeztuko zutela udazkenean. Urkulluk berak lehengo astean Eusko Legebiltzarreko eztabaida saioan zertzelada batzuk eman zituen, damua eta ETArekin mozteko beharra aipatu gabe, eta Langraiz bideaz hiru hitz esanez.
Datorren urteko udara arte autogobernuan, burujabetzan eta lurraldetasunean ez da espero pauso esanguratsurik: EAEn maiatzera arte gonbidatuen azalpenak entzungo dituzte, eta Nafarroako hauteskundeetan zer gertatuko den ikusteko dago. Gure Esku Dago-k, berriz, erabakitzeko eskubidearen aldeko «pedagogia» lanean jarraituko du ekainera artean, abiadura azkartu gabe—beste fase batzuetarako utziak ditu galdera, data...—.
Bakegintza sendotuz joateko urte politikoa izan daiteke.
Fernandezek onartu du Jaurlaritzaren programak ez duela «ezer bermatzen», ez dela «formula magikoa». Estatuek dute giltza, eta presoen arloan beste inork ezin du deus bermatu, eta ez dauka formula erabakigarririk.
Euskal preso guztien giza eskubideak eta legediko eta legedian ez dauden onurak defenditu nahi badira, baldintzak erein beharko. Jaurlaritzak jarri du bere alea, oraingoz EPPK edo Etxerat bezalako zuzeneko eragileekin kontatu gabe. ETA ere ari da aleak jartzen —badira hiru urte jarduera armatua utzi zuela jakinarazi zuela, aurten hasi da armagabetzen, borroka armatuaren egiturak deseginak dauzka, eta haren aurrerapauso gehiago espero dira—. Sare herritar plataforma sortu berria mobilizazio sozial handirako gaitasuna erakusten hasi da, askotariko babesak jasotzeaz gain. EPPK-k iazko abenduan agindu zuen «modu mailakatuan eta konpromiso indibidualekin lege baliabideak» erabiltzen hasiko zela presoen «etxeratze» bidean —aurki Auzitegi Nazionalera bideratuko ditu eskaerak—, eta, gainera, «gatazkaren ondorioz eragindako alde anitzeko sufrimendua eta mina zinez aitortu» zituela zioen. EAJ eta Sortu bakegintzaz hizketan ari dira euren bileretan. Eta hor dira Foro Sozialaren ekarpenak eta haren bidezko nazioartekotze lana.
Kontua ez da bide batean batera joatea, baizik eta norabide berean joatea. Baina zaila dago.
Bakea eta bizikidetza. Euskal presoak. ANALISIA
Norabide berean joateko zailtasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu