Ugo Mayor.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Nor-nori-non?

2020ko urriaren 30a
00:00
Entzun
COVID-19 kutsatze kateak eteteko arduratsu behar dugu izan. Noski. Hori bai, arduraz eskas ibili garela sinistuta daudenek hobe lukete Europako beste zenbait herrialde bisitatu. Zenbaitekin alderaturik, geure gizarteak oso arduratsu jokatu du orokorrean, eta batez ere mezuak argi eman direnean. Zein da arazoa, orduan? Ba, modu eraginkorrean arduratsu izateko, beste zenbait gauzen artean, kutsatze kateek zer bide hartzen duten jakin behar dugula.

Espainia mailan bigarren olatuan 800.000 kasu baino gehiago atzeman dira dagoeneko. Hori lortzeko, hamar milioi PCR inguru egin dira. Erreaktiboetako kostea bakarrik kontuan izanda, 250 milioi euro joan zaizkigu. Sekulako inbertsioa eta berebiziko ahalegin profesionala. Baina alarma egoerak eta konfinamenduak berriz jazarri gaituztenez, debaldeko lana dirudi egindako horrek guztiak. Zer gertatu zaigu, ba, berriz bide okerrenetik joateko?

Transmisio kateak nola gertatzen diren ulertzeko, atzerrian zenbait ikerketa egin dira. Ikusitakoaren arabera, birus madarikatu honen transmisioa homogeneo izatetik oso urrun dago. Kutsakor gehienek birusaren transmisio kateei ekarpen txikia egiten diete. Bestetik, kutsatutako pertsona edota egoera gutxi batzuek sortzen dituzte kutsatze berri gehienak (%60-80a). Espainia mailan, ordea, bigarren olatu honetan kutsatzeen %12a bakarrik agerraldi batekin loturik dago, non gutxienez hiru kasu positiboen arteko kontaktua egon dela jakina den. Kasuen beste %25ek kontaktu positibo bakarra dute. Eta beste kutsatze guztientzako, hau da, bigarren olatu honetan milioi erdi kasu positiboentzako, ez da lotura zuzen bakar bat identifikatu beste kasu positibo batekin. Nor-nori-non? Erantzunik gabeko galdera.

Ofizialki kutsatze «gehienak» giro sozialetan gertatu direla insistitu da. Baina ondorio honetara ailegatzeko, agerraldietako datuetan oinarritu dira egindako azterketak; hau da, kasuen %12an bakarrik. Transmisio kateen ebidentzia zuzenak hauetan bakarrik daudelako, noski. Transmisio kateetatik kanpo dauden positiboei kutsatu aurretik izandako bizimoduaz galdetuta, faktore sozialak pisu handia duela diote adituek. Ebidentzia zuzenen faltan, korrelazioan oinarritutako ondorioa da; baina korrelazioak ez du beti kausalitatea adierazten. Baina sozializazioa arazo nagusi/bakarra izatearen hipotesia behin nagusituta, hau ekiditeko hartu dira neurri gogorrenak. Neurri hauen bitartez gaur egungo egoerari buelta eman ahal zaion ikusi ahalko dugu hemendik aste gutxitara. Beste zenbait arrisku arlotan interbentziorik ezak, ordea, gauzak oraindik okerrera egitea bidera dezake.

Pandemia hau hasi zenetik hilabete luzeak pasa badira ere, aztarnariak baliabide mugatuekin ari dira lanean oraindik ere, eta dirudienez hauxe da Espainia mailako arazo nagusienetariko bat gaur egun. Baina tokian tokiko erakundeek horretan ardura handia dute, maila lokalean egiten dutelako aztarnariek lana. Ondorengo datua oso adierazgarria da: Errioxan, kasu positibo bakoitzeko zortzi kontaktu inguru atzematen dira, eta horiei bakartzea eta PCRa egiten zaie. Eusko Autonomia Erkidegoan, ordea, kasu positibo bakoitzak, batez beste, isolamenduan egon den kontaktu bakarra izan du azkeneko asteetan. Ikaragarria da aldea.

Nik ez dakit konponbidea aztarnari gehiago kontratatzea den, edo benetan erabilgarria den kontaktuak atzemateko aplikazio bat martxan jartzean dagoen gakoa. Akaso kontaktua definitzeko ezarri den protokoloarekin arazo larri bat dugu, edo norbanokook gure kontaktuen identitatea ezkutatzen ari garelakoan, aztarnariek ezin dute aurrera egin. Baina transmisio kateak definitzeko dugun gabezia kolosala konpontzen ez dugun bitartean, jai daukagu. Edo hobe esanda, ez dugu inolako jairik izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.