Eusko Jaurlaritzako sailburuak gobernu bileran zirela, Hiritartasun aktibo baten alde izeneko ikastaroa martxan zen Miramar jauregian bertan. Han izan zen, besteak beste, Juanjo Alvarez Zuzenbideko katedraduna. Mintzaldian, oraindik Imanol Pradales lehendakaria prentsaren aurrera atera gabea zela, Alvarezek erreferentzia egin zion agenda politikoaren erdigunean kokatu den itun etikoari. Hain justu, ezbaian jarri zuen halako itun batek «erretorikatik harago» izan dezakeen eragina. Izan ere, nor egon daiteke jardun politikoan «gizalegez» aritzearen aurka?
Beraz, itunetik kanpo geratzen denak lanak izan ditzake azalpenak ematen zein sinatzaileen kritikak maneiatzen, baina, behin sinatuta ere, haren eraginei ere erreparatu beharko die. Pradalesek bere proposamena Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek egindakotik bereizi izanagatik ere, oposizioak Espainiako politikagintzatik bereizteko asmoa ikusi hartan. Politika instituzionalaren «desprestigioa eta sinesgarritasun falta» eragin duten jarreren aurka, «kultura demokratikoa» eta alderdien arteko elkarrizketa «zintzoak» sustatzen dituen akordio bat.
Gakoa da, ordea, hura Eusko Legebiltzarreko jardunera bideratu nahi dela, eta han testuingurua ez da bera. Beraz, zehaztu beharko da zein diren proposamenak eztabaida politikotik kanpo ezarri nahi dituen jarrerak. Izan ere, proposamenak zein kritikak «errespetuzkoak» izan daitezke batzuentzat, eta «tranpatiak» besteentzat. Eta hala bada, ituna bera gainerakoen aurkako tresna politiko bihurtzeko arriskua dago. Esaterako, EH Bilduk Alberto Martinez Osasun sailburuaren agerraldia eskatu ostean, koalizioak iragarritako «menia» eten izana egotzi dio EAJk koalizio subiranistari. Baina, koalizio subiranista alternatiba gisa aurkeztu den honetan, elkarren artean mokoka ibiltzea ez da berria: hauteskunde kanpaina betean, EAJk «populistatzat» jo zuen kanpaina egiteko EH Bilduren modua; koalizio subiranistak, berriz, kanpaina «lokaztea» leporatu zien jeltzaleei.
Berdin beste eragile batzuei erreferentzia egiten dieten puntuetan ere: «Gizarte zibileko mugimendu, erakunde eta proposamenak entzutea [...] ahalik eta inpartzialena izanik, eta bestelako helburu politiko edo alderdikoietarako erabiltzea saihestuz». Zehaztu beharrekoa litzateke, baina, zer den eragileen «erabilera alderdikoia». Hain zuzen, azken legealdietan Iñigo Urkullu lehendakari ohiak gogor egin baitzien sindikatuei, eta behin baino gehiagotan salatu zuen Jaurlaritza indargabetzera bideratutako «interes bateratze bat» izan dela haien protesten eta oposizioaren jardunaren artean.
Horiek itunaren kontrako jarrerak lirateke? Alderdiek badute eztabaidarako mamia, xedea bada ituna benetan eztabaida politikoa zentzuz garatzeko baliabide bat izatea, eta ez hari mugak ezartzeko tresna. Ahaztu gabe badirela lehentasunezko beste eztabaidagai batzuk; urrunago joan gabe, Osakidetzaren ingurukoa.