Silvia Gambarte.
Koronabirusa. EKONOMIA PENTSALDIAN

Non gaude etorkizuneko erretiratuok?

2021eko apirilaren 8a
00:00
Entzun
PPko ministroa izanak, Fatima Ban?ezek, barre egin zien milioika laguni, gutun baten bidez jakinarazi baitzien %0,25 igoko zitzaiela pentsioa. Aurki iritsi ziren mezu iraingarri horren kontrako erreakzioak, eta, 2018ko urtarrilaren 15ean, euskal pentsiodunak lehenbizikoz irten ziren kalera, lan urte askotan ondo irabaziak zituzten pentsioen alde borrokatzera.

Marea hura gero eta indar handiagoz berritzen zen astelehenero, harik eta martxoaren 17an tsunami bihurtu zen arte, aurrean edozer eramateko prest zegoena pentsio duinak erdiestearren.

Urte hartako urtarrilaren 15az geroztik, gure pentsiodunak tinko borrokatu izan dira pentsio publiko duin, justu eta egokien alde: alegia, hilean 1.080 eurokoak izatea; 40 urte baino gehiago kotizaturik dauzkatenak koefiziente zuzentzailerik gabe erretiratu ahal izateko modukoak; alargunen pentsioen parekoak izatea, pentsio hori baino kobratzen ez dutenak aise bizi daitezen, eta ez ozta-ozta; genero arrakalek ez diezaietela eragin...

Eta pentsiodun horiek borrokan dabiltzan bitartean, pentsioen erreforma lantzen dihardute beste nonbait, baina ez haiek handitzeko asmoz, pentsiodunen hobe beharrez, baizik eta guztiz bestelako xedez.

PSOEko ministro Jose Luis Escrivak zera esan zuen: «Pentsio sistema iraunkorra izan dadin, langileek urte gehiagoan lan egitea da biderik eraginkorrena». Pentsioen azkeneko erreformaren eraginez, erretiro adina gero eta handiagotzen ari da ezarian-ezarian: 2027an, 38 urte eta 6 hilabete baino gutxiago kotizaturik dauzkatenek 67 urterekin erdietsiko dute erretiroa. Baina adin hori pasatuta ere lan egin dezagun nahi dute benetan?

Ministro horrek berak kritikatu izan du «erretiro aurreratuen gehiegia», baita salatu ere «aukera horrek dituen koefiziente eragozgarriak» ez direla «behar bezain eragozgarriak». Are gehiago gogortuko al dute erretiro aurreratua hartzeko aukera?

Eta halakoak botatzeaz gainera, esan du zera egingo duela: «Pentsio plan kolektiboen estaldura hedatu biztanle okupatuen erdiei baino gehiagori». Alegia, pentsio publikoen plan osagarriak defendatzen ditu, baina kudeaketa pribatukoak. Arlo pribatuak arlo publikoari egindako beste atzaparkada bat izango litzateke.

Eta zelatan dabilkigu motxila austriarraren mehatxu etengabea ere, Nadia Calviño ministroak defendaturiko eredua: horren bidez, enpresek langileei zenbait funts osatzen dizkiete lan bizitza osoan, gero kaleratu edo erretiratuz gero jaso ahal izateko. Eredu horrek beste murrizketa bat ekarriko luke langile klasearen eskubideetan, enpresek aiseago kaleratu ahal izango bailituzkete, inolako kosturik gabe; izan ere, eredu horretan, kendu egiten dira kaleratzeagatik eman beharreko kalte ordainak, eta horrek denak are gehiago handituko luke lan prekaritatea.

Eta gaur egungo erretiratuak gure pentsioengatik borrokatzen diren bitartean, non gaude gu, etorkizuneko erretiratuok? Zertan ari gara ezin gehiago belzturiko panorama zalantzazko honetan?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.