Izan liteke estatistika erakunde batek esatea emigrazioa ia bikoiztu egin dela eta beste estatistika institutu batek esatea emigrazioa mantendu egin dela? Bai, izan liteke, eta hemen gertatzen da. Ez migrazio mugimenduekin bakarrik. Ez orain bakarrik. Lehen ere makina bat aldiz gertatu da, gertatzen da eta gertatuko da errealitate berari datu diferenteak ematea. Langabezia datuekin gertatutako gorabeherak dira adierazkorrenak beharbada. Eusko Jaurlaritza bera ere Eustaten datuak zalantzan jartzera iritsi zen orain dela bi hilabete, eta hain adierazle ezberdinak ematen zituzten bi estatistika edukitzea ez dela komeni agertu zuen.
Kasu honetan, herritarren migrazio datuekin, metodologian omen dago arazoa. Eustatek azaldu du INE Espainiako Estatistika Institutua ez dela fidatzen udal erroldek dituzten datuez. Alegia, pentsatzen duela emigrazio erreala udal erroldetan jasotzen dutena baino handiagoa dela. Bestela ere esan liteke: udal batzuen lanaren zorroztasunaz zalantzak dituela INEk.
Zentralizazio-deszentralizazio eztabaidak puri-purian dauden garai hauetan, hara zentralizazioaren ajeetako bat, adibide: erakunde zentrala ez da tokiko erakundeez fidatzen, baina haien datuak hartzen ditu, prestatzen ditu —oso metodo zientifikoekin, horretan ez dut zalantzarik—, eta gero herrialde bakoitzari ematen dizkio zenbaki batzuk. Hainbeste maneatutako datuak... fidagarriak izan daitezke? Galdera gaiztoa ere egin liteke, izan ere: INE udal erroldez fidatzen ez bada, INEren datuez fidatzerik bada? Behin hori galdetuta... Eta Eustatekoez? Esaten baitu esaera zaharrak: non fida, han gal...
Emigrazioa. Analisia
Non fida, han gal
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu