Orain lau aste azaldu genuenez, koronabirusaren aurkako neurriak piramide moduan antolatu litezke. Oinarrian daude neurri orokorrenak: distantzia, maskara erabiltzea eta harremanak murriztea. Bigarren mailan daude birusa atzemateko PCR testak, eta kontaktuen baheketa eta berrogeialdia. Eta hirugarren mailan daude ospitaleko tratamenduak, ZIUko egonaldiarekin bukatuz. Aipatu genuen moduan, bigarren eta hirugarren mailako neurriak mugatuak dira, eta gainezka egiten badute, egoera kontrolik gabe geratzen da, gaitza ikaragarri hedatuz, heriotza ugari sortuz, eta osasun sistemaren ezintasuna eraginez. Horrelako egoera bat gertatzen bada, lehen mailako neurriak zorroztu beharra dago, intzidentzia jaitsi, eta berriz ere baheketa eta ospitaleetako tratamendua posible izan daitezen.
Hori jakinda, sortzen zaigun galdera da noiz zorroztu behar diren lehen mailako neurriak; alegia, noiz ezarri behar diren neurri gogorragoak. Irizpide ezberdinak hartu izan dira kontuan horretarako: batetik, intzidentzia, hau da, zenbat kasu berri izan diren azken hamabost egunean 100.000 biztanleko. Neurri egokia da, baldin eta nahikoa PCR test egiten badira. Bestetik, egindako PCR testetatik zenbat diren positibo, ehuneko handi batek gaitza oso hedatua dagoela adieraziko lukeelako, gomendagarria %5etik beherakoa izanik. Eta, azkenik, ospitaleen betetze maila, eta ZIUen betetze maila bereziki, osasun-sistemaren egoera erakusten duelako. Jakina da, baina, kasuen okertzea normalean sintomak hasi eta 10-14 egunetara gertatzen dela, eta, beraz, irizpide hori erabilita gaitzaren atzetik joango ginatekeela. Datu horien argitan, egokiena intzidentzia erabiltzea litzateke, eta PCR test positiboen ehunekoa, nahikoa test egiten bada.
Eta orain, non dago muga? Adituen artean irizpide garbirik ez dago, Osasunerako Mundu Erakundeak ez du kopururik eman, eta herrialde bakoitza bereak erabiltzen ari da. Italiak, adibidez, lehen oldarraldi gogorra jasan eta gero, alerta egoera eta neurri gogorrak mantendu ditu, intzidentzia txikia izan arren. Alemanian, egunean 20.000 infekzio berriko langa ezarri nahi dute, 360 kasu 100.000 biztanleko hamabost egunean. Espainiar estatuan, 500 kasutan; eta beste askotan, ez dago kopuru jakinik.
Gogoan izan behar dugu koronabirusaren hedapena esponentziala dela, hau da, ziklo bakoitzean kopurua izugarri handitzen dela (1,2,4,8,16,32,64, 128…). Hori dela eta, maila altu bat ezartzeak berandu jardutea ekarriko luke, eta gaitzaren hedapen ikaragarria egun gutxitan. Agintarien erabakien zain, har ditzagun denok babes neurriak, egoera beltza da eta.
Koronabirusa. OSASUNA PENTSALDIAN
Non dago marra gorria?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu