Kattalin Miner.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Nola zaindu osasuna eta poltsikoa

2021eko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Azken asteetan, osasun kontu batzuei aurre egin behar izan diodala eta (dentista, terapia, fisioa), kontu korrontea gorritu xamar heldu naiz hilabete amaierara. Eta aurreko artikuluari jarraiki, gomendio batzuk eman nahi nizkizueke, zuen osasun arazoei poltsikoa urratu gabe aurre egin ahal izateko.

Pasa den astean, Iñigo Errejon entzun genuen Espainiako Kongresuan buru-osasuna osasungintza publikoan artatzeko eskatzen. Zirkuaren beste aldetik, PPko Carmelo Romerok hala oihukatu zion: «Joan hadi medikura!», eta ez zuen beste munduko disparaterik bota gizon hark, horixe egin behar baituzu zeuk ere psikologoari ordua bilete potoloarekin ordaindu nahi ez badiozu bederen. Hori bai, abisua: onartu aukera oso gutxi dituzula osasungintza publikoan dauden psikologoen eskuetan amaitzeko; errazago psikiatrenetan. Eta are errazago familia mediku onberaren errezeta-sorta esku artean duzula. Horrela bakarrik lortzen baita goia jotzea mundu mailako depresioaren aurkako eta antsiolitikoen kontsumoaren rankinetan. Espainiak azken urtean errekorra gaindituta, gainera. COVID-19ak ez ditu ZIUak bakarrik bete.

Hagina puztuta aurkitu dut laguna kalean eta aurpegi handituak eragiten diona baino min handiagoa eman omen dio dentistarenean utzi duen euro sortak. «Beranduegi» joan omen da dentistarenera, «ahal izan dudanean» esan dit hark, eta atzetik bere burua zuzenduz «gehiago ezin izan dudadean». Medikuarenera joan omen zen lehenengo, eta antibiotiko sortarekin etxera buelta. Azkenean hagina kendu behar izan omen diote. Lagun bati entzundakoa etorri zait burura: «Norbaiten klase soziala jakiteko, ez dago haren hortzeria begiratzea besterik».

Ordenagailuetara kondenatutako ikasle eta langileok, eserita hainbeste ordu pasatzen dugunok (telelana arau bilakatu den garaiotan zer esan), edota gure gorputzak esfortzu fisiko neurgabean merkaturatzera behartuta gauden hauetan, medikura joanda inoiz gutxi amaituko dugu fisioterapian, akaso muskulu erlaxagarri errezeta alboan. Beraz, hobe duzu lehenbailehen yoga egiten hasi, edo, esan gabe doa, zure gustuko fisioan 50 euro ordaintzea.

Gure osasungintzaren ahultasuna agerian utzi omen duCOVID-19aren krisiak, baina ez ditzagun ahaztu (Hegoaldean behintzat), lehenagotik genituen hutsuneak, zuzen-zuzenean, «oinarrizko behar» kontsideratu ezean, klase arrakala handitzen jarraituko dutenak. Beraz, barka artikulu honen gomendioen inefizentzia, nola egin jakingo banu neuk ere, hilabete amaierara ez nintzateke heldu naizen moduan helduko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.